Orri honek cookiak erabiltzen ditu zure hizkuntza konfigurazioa gordetzeko besteak beste. 

Bilbao Mendi Film Festival

Zinema hamar egunez, ezin duzu huts egin!

Bilbao Mendi Film Festival-ek hori eta askoz gehiago eskaintzen dizu: alpinismoa, eskalada, eskia, muturreko kirola, esplorazioa, eta ekologia eta ingurugiroarekin lotutako gaiak. Hau guztia ikus-entzunezko programa zabalean eta aldi berean antolatutako hainbat ekintzatan. 

Bat egin ezazu eskaintzen ditugun 50 pelikulekin gozatzen duten milaka ikusleekin. Film horiei, gainera, gehitu behar zaizkie bideo eta argazkilaritza workshopak, tailerrak, kirol clinicak, liburuen aurkezpenak, erakusketak, lehiaketak, hitzaldiak eta mahai inguruak.   

Alpinistaz, kirolariz, zinegilez, produktorez eta nazioarte mailan ospe ikaragarria duten artistaz betetzen da Bilbo abenduan. 2008an Gasteizen martxan jarri zenetik, izugarri hazi da Bilbao Mendi Film Festival; eta nazioarte mailako erreferente bilakatu da mendiarekin, eskaladarekin, abenturarekin eta muturreko kirolarekin lotutako zinemaldien munduan. Denbora gutxian garapen itzela izan du eta sektorearen elementu erakargarri bihurtu da.

Sormena, inspirazioa, dibulgazioa, prestakuntza eta dibertsioa eskura. Erdu “Mendi”-ko familiarekin, erdu itsas mailan egiten den goi-mendiko zinemaldira.

Eduardo Martinez

BMFF-ko Presidentea

Txikitatik izan da alpinista, eta zaletasun horrek bultzaturik, mundu erdia ezagutu ahal izan du. Arroka da gehien gustatzen zaion ingurunea, hor gozatzen du gehien; baina Muztagata eskiekin igotzeko aukera izan du ere. Horrez gain, Euskal Mendizale Federazioko ikastaroen zuzendaria izan da, ‘Al filo de lo Imposible’ saioko arroka eta alpinismo espezialista, Kirolak-Gazteiz klubeko mendi-lasterketa taldearen sustatzailea, "Runners World" aldizkariaren kolaboratzailea eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko ohorezko irakasle eta kolaboratzailea. Bilbao Mendi Film Festivala sortu zuen Jabier Baraiazarrarekin batera, eta jaialdiko presidentea da lehen ediziotik.

Jabier Baraiazarra

BMFF-ko Zuzendaria

Jabi Baraiazarrak Mendi Film Festivala 2008an sortu zuen Eduardo Martinezekin batera, eta egun jaialdiko zuzendaria da. Alpinista zaildua da, Euskal Filologian lizentziatua, eta Ikus-entzunezko Komunikazioan masterra dauka. Kameralari, zinemagile eta muntatzaile gisa aritu denean, hainbat film labur eta dokumentaletan parte hartu du; horien artean nabarmentzekoak dira Iker eta Eneko Pou anaiekin egin zituenak, haiekin burutu baitzuen '7 pareta, 7 kontinente' proiektua. Horri esker, ikus-entzuleek Pou Anaiekin “7” kontinenteetako leku adierazgarrienetara bidaiatzeko aukera izan zuten. Bilbao Mendi Film Festivala antolatzea izan da ikusleei mendiarekiko duen grina helarazteko biderik zuzenena.

Gorka Baraiazarra

Zuzendaritza laguntzailea

Ingeniari mekanikoa, txikitatik teknologiarekiko interes handia izan du. Zinemaldian hainbat esparrutan aritu izan da: teknikari, webmaster, produkzio laguntzaile, itzultzaile, nazioarteko harremanetako arduradun… Eltze askotako burruntzalia da, beti baitago bere ekarpena egiteko eta laguntzeko prest. Ez du amore ematen irtenbidea aurkitu arte. Horrez gain, denbora ateratzen du bizikletan ibiltzeko edo frontoian jokatzeko; baina batez ere bere musika taldearekin baxua jo eta abesteko. 

Josean Cabarcos

Produktorea 

Ekonomian Lizentziatua eta Ikus-entzunezkoen eta Ikuskizunen Errealizazioan Goi Teknikaria, betidanik gauzak antolatzen gogoratzen du bere burua: lagunekin futbol eta saskibaloi partidak, ibilaldiak, afariak, potoa eramaten… Ez zaio harrigarria gertatzen Bilbao Film Festival produzitzen eta Mendi TV zuzentzen amaitu izana. Ikus-entzunezko produkzioan 15 urtetan egindako lanak erakutsi dio ezer ez dela ezinezkoa, eta sinestea eta lan talde on batez inguratzea baino ez direla behar. BMFFean eta zinemaldia posible egiten duen jendearengan sinesten du, eta ahalegin itzelak egiten ditu edizio bakoitza aurrekoa baino hobea izan dadin. Ametsak betetzeko daude, hori da bere leloa.

Itziar Galdos

Irudi eta Gonbidatuen arduraduna 

Marketing eta Merkatu Ikerketan lizentziatua eta Barne-diseinuan graduatua, Itziarrek 18 urte daramatza Marketing eta Komunikazioan lanean. Jaialdiaz gain, beste kirol eta kultura ekitaldi batzuk izaten ditu esku artean: Martin Fiz Maratoia eta Gasteizko Triatloi eta Tritrail-a. Jaialdian 2010ean hasi zen lanean. Irudiaz eta protagonista eta gonbidatuez arduratzen da bertan. Emozioz beteriko zeregin bizia da, euren proiektu eta bizipenak zuzen-zuzenean ezagutzeko aukera baitu. Mendiarekin lotutako ekintza eta kirol guztiak gogoko ditu, eta Picos de Europa eta Ordesatik galtzea ez zaio batere ardura.

Aitor Elduaien

Prentsa Saila eta aurkezle ofiziala

Baliabide ugariko aurkezle, esatari eta kontalaria da Aitor; irratian hogei urtetik gora eginda zaildutako kazetaria, esperientzia ikaragarria duena. Bere ibilbidean alor guztietako komunikazio premiez jabetu eta ikasita, hartan dihardu gaur egun, eta aurkezpen lanez batera langintza hori du Mendifilmen. Azkarra eta dinamikoa da, eta mila alde eta erregistro eskaintzeko gaitasuna dauka. Beti dago naturaz gozatzeko eta kirolarekin disfrutatzeko prest. Biak batuta, ederra plana! Eta Mendi Film Festival gehituz gero, perfektua! Mendi-ko aurkezle lanetan aritu da lehen ediziotik, 2008tik.

Naia Diez

Prentsa Saila

2007an lizentziatu zen Kazetaritzan. Ordutik hona hainbat komunikabide edota komunikazio bulegoetan egin du lan, gehienetan kirol munduarekin lotutako lanetan: Athleticeko partiden jarraipena egiten, Unai Basurkoren ondoan nabigatzen edota lasterketak antolatzen, besteak beste. Bere zaletasun nagusia irakurtzea izan da betidanik, baita antzerkia eta hainbat kirol ezberdin praktikatzea ere, baina beti erronka berrien bila dabil. Bere hurrengo helburua mendi lasterketekin hastea da.

Nerea Falagan

Nerea Falagan

Prentsa eta Produkzio Sailak

Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua eta Argazki-zuzendaritzan graduatua, betidanik Nereak jakin-min handia izan du. Artea eta naturarekin harreman estua dauka. Hori dela eta, denbora dezente igarotzen du argazkiak ateratzen, hondartzan zein mendian lasai egoten, edota filmak ikusten. Proiektuetan beste pertsonekin batera egin du lan, esate baterako Getxophoto argazki jaialdian eta Argi filmean. Talde lana laket zaio, besteengandik gauza asko ikasten direlako. Kamara atzean egotea nahiago badu ere, ez zaio axola rolez aldatzea edota jendaurrean mintzatzea.

Arrate Landaluze

Itzulpengintza Saileko arduraduna

Itzulpengintza eta Interpretazioan lizentziatua eta Ikus-entzunezko Itzulpengintzako Master batekin, Londresen atzerriratutako gazte hau bere lekutxoa aurkitu nahian dabil ikus-entzunezko itzulpengintzan. 2013an hasi zen Mendi Film Festival-arekin kolaboratzen, non azpititulu eta interpretazio lanetan aritu zen; gaur egun, Itzulpengintza Saileko arduraduna da. Bere burua langile, sortzaile, ironiko eta prokrastinazioaren enbaxadore gisa deskribatzen du. Bere zaletasunen artean zinema, literatura, arte inpresionista eta Athletic ditu; baina edozein plan itzela izango da lagunak badatoz. 

Raul Fdez. de Pinedo

Errealizadorea

Bideo grabazio, edizio eta posprodukzioan urte asko daramatza, hainbeste, ez duela ia gogoratzen zehazki zenbat diren. Hainbat motatako programetan egin du lan, muturreko realityetatik goi-mendiko dokumentaletara. Gaur egun sukaldeetan ari da, su artean. Mendin pieza laburrak grabatu eta editatzen ditu, eta batez ere, pelikulen azpitituluak eta kopiak proiekzioetarako prestatzen ditu. Mendia eta itsasoa bere pasioak dira baina orain alboratu behar izan ditu, umeen zaintzak oso lanpetuta baitauka.

Aitor Valero Morell

Idazkaria

Aitor informatika-ingeniaria da, prestakuntzaz zein bokazioz; ordenagailu artean egoteko jaioa da. Konputagailu munduan “geek” edo “friki” bezala definitu dezakegu. Begiak ordenagailuaren pantailan finkatuta ez dituenean, etxeko arrainontziak bereganatzen du bere arreta. Horixe da bere altxorretako bat, bere egunerokotasunera ekartzen baitio gehien maite duen hori: itsasoa. Uretan sentitzen da erosoen, eta arrantzan ibiltzea eta urpean igeri egitea asko gustatzen zaio. Dena den, parketean ere gustura mugitzen da, areto-futboleko epaile lanetan. Jaialdiko idazkaria da hasieratik, 2008tik.  

Aitziber Querendez

Itzultzailea

Aitziber Espainiar Literaturan lizentziatu zen Pauko Unibertsitatean (Frantzia) eta geroago ikasketa horiek Euskal Herriko Unibertsitateko master batekin osatu zituen. Lan munduan duen esperientzia irakaskuntzan oinarritzen da batez ere, urteak baitaramatza frantseseko klaseak ematen; dena den, horrez gain, beste lan batzuekin uztartu du. Zinemaldian Aitziber frantseseko interprete eta itzultzailea da batik bat; hala ere, epaimahaikideei ere laguntzen die euren lana errazteko helburuarekin. Irribarrea ahoan izaten du beti; izaera atsegin horrek gonbidatuak alaitzen ditu, baita lankideak ere. Mendira joatea eta bizikletaz bidaiatzea gustatzen zaio, eta nola ez, literatura maite du.    

Igor Erauskin

Erakusketen arduraduna

Igor Artearen Historian lizentziatua eta Irudi eta Soinuko Goi Teknikaria da. Hainbat esparrutan egin du lan, hedabideetan zein irakaskuntzan. Hala ere, bere ibilbide profesionala diseinu grafikoaren munduan jorratu du gehien bat. Igorrek 2013tik egiten du lan Bilbao Mendi Film Festival-ean. Zine-emanaldi batzuk gainbegiratzen ditu; baina, batez ere, argazki erakusketetan dena behar den moduan izateaz arduratzen da. Bere zaletasunen artean, artearekin lotuta dauden afizio denak nagusitzen dira, arkitektura bereziki.

Ramon Olasagasti

Itzultzailea

Ramon Olasagasti ikasketaz kazetaria da eta, gaur egun, ogibidez, itzultzailea. Mendia eta idaztea, horiek ditu zaletasun kutunenetakoak, eta hamabost bat urtetan biak uztartzeko zoria izan du Euskaldunon Egunkarian eta Berrian. Gaur egun, berriz, "Mendi" jaialdiak zabaltzen dio esparru horretan bidea urratzen jarraitzeko aukera, filmetako azpidatziak itzuliz. Mendian, hiru ditu jarduera maiteak: iraupen eskia nahiz mendiko eskia eta mendiko bizikleta. Irakurtzea ere oso gustukoa du, eta, aldian behin, haurrentzako ipuintxoren bat idaztea. Bistan da, denetan lardaskan aritzea dela bere espezialitatea, eta ahal den neurrian, ibilian gozatzea; baina, batik bat, Ruper Ordorika abeslariari kasu eginez, maite duen hori zaintzea.

Sponsors

Erakundeak / Instituciones / Institutions

Everest

K2
 

Aconcagua
                    

Ama Dablam

Cervino

Media Partners
 

© 2019 Bilbao Mendi Film Festival. Web by McArra. About Cookies