Orri honek cookiak erabiltzen ditu zure hizkuntza konfigurazioa gordetzeko besteak beste. 

MENDIAN GORA: euskal mendizaletasunaren historia Zazpikaletako erakusleihotan

Euskal mendizaletasunaren eta Bizkaikoaren historia argazki, dokumentu, material eta liburuetan jasoa... eta erakusketa bihurtuta. Bilboko Zazpikaletako hainbat erakusleihotan nahiz Pangea The Travel Store bidaia agentzian ikusgai dagoen ondare aparta dira MENDIAN GORA eta BIZKAITARRAK GOIKO MUGETAN erakusketak, EMMOA-Euskal mendizaletasunaren museoa fundazioaren ekarpen aberatsa BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaiaren testuinguruan.

Zazpikaletako Gurutzearen Kalea 11ean (Unamuno Plazako ertz batean) abiatzen da Euskal mendizaletasunaren historiaren errepasoa egiten duen erakusketa berezia. Kale erakusketa da, hutsik dauden komertzioetako erakusleihoak baliatuz sortu den ibilbidea: Gurutze 11, Somera 17, Artekale 18, Belostikale 6 eta 7, Loteria 3 eta Victor 4 helbideetan hain zuzen.

Erakusketak Euskal Herriko mendizaletasunaren historiako giltzarri nagusiak gogorarazi nahi ditu. Berariaz erakusketarako osatu diren 20 azalpen-panelekin batera, balio sinboliko handiko materialak erakusten dira, itzal handiko mendizaleek edo horien senitartekoek EMMOA Fundazioari emandakoak. Esate baterako, 1924ko lehen eskalada hartako iltzea ikus dezakegu (Fraile mendikoa), edota Martin Zabaletak 1980an Everest mendiaren gailurrean zabaldu zuen ikurrina, edo gaur egun Pou Anaiek munduan zehar eskalatzen dabiltzanean erabiltzen duten materiala. 

Carlos Sergio (Bizkaiko Foru Aldundiko kirol aholkularia), Rosa Pardo (Zazpikaletako dendarien elkarteko presidentea), Txomin Uriarte (EMMOA), Jabier Baraiazarra (BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zuzendaria) eta Jon Redondo (Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaria), aurkezpenean

Aurkezpenean, mendi munduko hainbat protagonisten artean bildu ziren Txomin Uriarte mendizale historikoaren bueltan agintari eta erakusketako ordezkariak, tartean Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoa eta Kirolaren zuzendaria eta Carlos Sergio Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol aholkularia. Rosa Pardo Zazpikaletako dendarien elkarteko presidenteak dendetako jabeei luzatu die esker ona, "erakusleihoak erabiltzeko baimena eman izanagatik", eta pozarren agertu da "kalea eta komertzioa bizirik eusteko ahaleginean ekarpen polita delako oso Mendian Gora erakusketa".

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren testuinguruan 6 erakusketa sortu dira aurten, eta haien artean dago MENDIAN GORA. Jabier Baraiazarra zuzendariak EMMOAren lana goraipatu du, eta egiten duen langintzari "aitormena zor zaiola" azpimarratu. "Ondarea gure identitatearen isla da, eta EMMOA egiten ari den bilketa, zaintza eta erakusketa lana goraipatzekoa da. Eredu zarete, eta asko daukagu zuengandik ikasteko", esan dio Txomin Uriarte EMMOAko ordezkari eta mendizale historikoari.

Txomin Uriartek, haren ondoan dagoen lan talde osoaren izenean, esker oneko hitzak izan ditu Zazpikaletako dendarientzat, Mendi Filmentzat, agintarientzat eta aurkezpenera bertaratutako ordezkari eta lagun guztientzat. Fundazioak, "9 urtez lanean arituta eta euskal mendizaletasunaren babes osoa jasota", egoitza egonkorra eta finkoa falta duela gogorarazi du, baina hori lortzeko eskaintza on bat eskuartean badutela. Mundu mailan mendiko museo ezagunena den Torinoko Museo della Montagnako zuzendariarekin bildu berri dira Bilbora ekarri duten ROCK THE MOUNTAIN erakusketan, eta  haien babes osoa eta elkarlanerako prestutasuna jaso du EMMOAk.

 

BIZKAITARRAK GOIKO MUGETAN

MENDIAN GORA erakusketak badu adar oso polit bat Pangea The Travel Store agentzian (Indautxu Plazan): BIZKAITARRAK GOIKO MUGETAN, lurraldeko mendizaletasunaren historia biltzen duena. Bizkaiko mendizaletasuna munduko mendirik garaienetaraino eta urrunenetaraino hedatu da, arrasto sakona utziz hango eta hemengo hormetan, gailurrerietan, glaziarretan eta basamortuetan, eta argazki eta testigantza bidez erakusten da. 

Patxi Kortazar (EMMOA), Jabier Baraiazarra (BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zuzendaria), Jesús Echevarría (Pangea The Travel Store zuzendaria) eta Txomin Uriarte (EMMOA) 'Everest'-i heltzeko prest

Erakusketa honen bueltan bi hitzaldi daude antolatuta BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaian:

*MENDIAN GORA nahiz BIZKAITARRAK GOIKO MUGETAN 2022ko urtarrilaren 16ra arte daude ikusgai.

 

 

Sponsors

Erakundeak / Instituciones / Institutions

Gailurra

Everest
 

K2
 

Aconcagua
                     

Ama Dablam

Cervino
     
 

Laguntzailea / Colaborador
  

 Auto ofiziala / Vehículo oficial 

Media Partners
 

© 2021 Mendi Film. Cookies - Legal - Privacy