Orri honek cookiak erabiltzen ditu zure hizkuntza konfigurazioa gordetzeko besteak beste. 

‘Sciana Cieni (The Wall of Shadows)’ filmak irabazi du BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaiko Sari Nagusia, Jannu eta espedizio epiko baten itzalean oreka bila dabilen Sherpa familia baten istorioa

'Sciana Ceni (The Wall of Shadows)' Eliza Kubarska zinegile poloniarrak zuzendutako filma Jannu edo Kumbhakarna (Himalaia, 7710m) mendiaren altzoan kokatzen da, Dmitry Golovchenko eta Sergey Nilov alpinista errusiarrek 2019ko udaberrian burutako jarduera epikoaren inguruan. Protagonista nagusia, ordea, espedizioarentzat lanean ari den sherpa familia da: mendi sakratuari zor dioten errespetua eta beldurra, lan-ordainaren menpekotasuna, semeari ikasketetarako aukera emateko gurasoek duten gogoa, eta erronkan tragikoki atzentzen ari diren alpinistekiko kezka.

Lan sarituekin abenduaren 12an, igandea, Non Stop saioak antolatu dira Sala BBK eta Golem zinemetan:

Epaimahaikideen balorazioak:

  • Mauro Leveghi, Trento Film Festival Presidentea
  • Kepa Sojo, zinegilea
  • Paula Olaz, soinu banda konposatzailea
  • Joaquín Gómez, soinu banda konposatzailea
  • Arrate Landaluze, ikus-entzunezkoetako itzultzailea

 

Sari Nagusia

Sciana Cieni. The Wall of Shadows

 

Filmak ikuskera oso originala du, eta alpinismoaren munduan oso gutxitan entzuten den ahots bati egiten dio lekua. Sotila eta zirraragarria, gidari sherpek gaur egun duten dikotomia islatzen du, eta gizakiari bere mugak onar ditzan eskatzen dio.

 

Zuzendari onena

Le Cavalier Mongol

 

Zuzendariak jakin du naturarekin bat egiten duen pertsona baten bizimodua transmititzen, besteak beste, John Ford, Akira Kurosawa edo Nikita Mikhalkov zuzendari enblematikoak gogorarazi dizkiguten narrazio-baliabide bereizgarriak erabiliz, eta dokumentalaren eta fikzioaren arteko zubian dabiltzan errealitateetan barna bidea eginez.

 

Gidoi onena

Godspeed Los Polacos

 

Hari narratzaile bikain batek ematen dio joskura filmari, eta historiako une handi baten berri ematen digu, kirola aitzakiatzat hartuta askatasunaren bila menturatzen diren bost ikaslek eginiko bidaiaren bidez.

 

Argazkilaritza onena

A White Dream

 

Filmak eskutik hartuta garamatza naturara, filmaren protagonistaren antza handia duen proposamen fotografiko eta estetiko soil baten bidez, baina esan-indar eta eduki aldetik konplexutasun handia gordez.

 

Epaimahaiaren Saria

The Traverse

 

Emakume kementsu eta ausart batek bere mugak gainditzeko ahaleginaren historia erakusten du filmak, zirrara bizia eraginez. Abenturaren eta mendiaren mugak ez direla soilik gizonezkoen barruti erakusten dute hala protagonistak nola filmak berak.

 

Soinu-banda Onena

Laurent Parisi - Le Cavalier Mongol

 

Filmaren musikak ekialdeko koloreak agertzen ditu, western giro egokiarekin aberasturik. Hala, natura biluziaren doinuak gizakion barnean pizten den sena azaleratzen du. Filmaren ekoizpen musikalak fintasun aparta du, homogeneotasun handiz bateratzen ditu munduko musikak, eta pertsonaia errepikaezin honen arima bakartia berekin darama, eskutik hartuta.

 

Mendiko Film Onena

Mendiak 1976

 

Hunkiberatasuna, umiltasuna eta hurbiltasuna dira filmaren hiru “tasun” nagusiak; izan ere, lanak ezin argiago erakusten du alpinismoaren muin-muinean dagoen balioa: sokakideen arteko anaitasuna.

 

Eskaladako Film Onena

Black Ice

 

Filmak argi islatzen du eskalada irtenbide egokia izan daitekeela giro sozial zailetan bizi diren gazteentzat, eta umorez eta sentiberatasun handiz jorratzen du gai aski ezpaltsua: arrazakeria. Gizartearen moldeetara egokitu gabeko pertsonentzat irteera eta bizimodu berri bat bihurtzen da eskalada, eta filmak lortzen du hori islatzea.

 

Kultura eta Natura Film Onena

La Pantalla Andina

 

Kultura oso aparteko lekuetara eramaten du filmak, eta ametsen fabrika zer den erakusten die umeei, zazpigarren artearen bidez bizitzan aukera bat izan dezaten.

 

Kirol eta Abentura Film Onena

After Antarctica

 

Klima-aldaketari buruzko alerta-mezu guztiz premiazkoa helarazten du lan honek, ingurumenaren aldeko borrokan iraganaren eta geroaren arteko mugarri izan den lankidetzaren bidez.

 

Film Labur Onena

Melting Landscapes

 

Klima-aldaketaren arazo konplexuari buruzko gogoeta sakona egiten du lan honek, argazki bikainean oinarritzen den berealdiko proposamen estetikoaren bidez.

 

Euskarazko Film Onena

Amagana

 

Gure sustraietarako bidaia erakusten du filmak, musikaren, euskararen aberastasun dialektalaren eta naturarekiko eta ama lurrarekiko maitasunaren bidez.

 

Epaimahaiaren Aipamen Berezia

Julia

Eskaladaren ikuspegi berri bat bultzatzen du, etorkizunekoa, eta neska eskalatzaile batek bere mugak gainditzeko egiten duen ahalegina agertzen du, beste askorentzat bide-erakusle eta bultzada izateko moduan.

 

Ikusleen Saria

Mendiak 1976

 

 

Sponsors

Erakundeak / Instituciones / Institutions

Gailurra
  
 

Aconcagua
                     

Ama Dablam

Cervino
   
 

Laguntzailea / Colaborador
  

 Auto ofiziala / Vehículo oficial 

Media Partners
 

© 2021 Mendi Film. Cookies - Legal - Privacy