Orri honek cookiak erabiltzen ditu zure hizkuntza konfigurazioa gordetzeko besteak beste. 

Vigo eta Urnieta hurrengo Mendi Tour agertokiak 2018ko 5.500 ikusleen langa gora eramaten jarraitzeko

Bilbao Mendi Film Festivaleko filmik onenez eta txalotuenez gozatzeko aukera ematen duen Mendi Tourrak sendo ekin dio udaberriko martxari: Cangas de Oniseko lehen edizioan, martxo bukaeran, 300 ikuslek gozatu zuten mendi zinemagintzaz, eta joan den asteburuan, Hondarribian, 600 ikuslek Itsas Etxea auditorioa bete dute bi egunez. Urtarrilean bide egiten hasi zenetik jada 5.500 ikusletik gora bildu ditu Mendi Film Festivalen eskaintza ibiltariak.

Eta apirilean beste bost agertoki izango ditu Mendi Tourrak: bihar eta etzi Vigon, etzi baita ere Urnietan, hilaren 17 eta 18an Camargon, 18 eta 19an Leioan, eta azkenik, Iruñan hilaren 23tik 26ra egunero bina saiorekin.

Galiziako estreinako Mendi Tourra da Vigokoa. Club Montañeiros Celtasek egin du apostu trinkoa, eta bermatua du arrakasta: sarrera eskariekin gainezka dabiltza. Parque Nacional das Illas Atlánticas bisitari egoitzako auditorioan eskainiko dira saioak.



Urnietan, berriz, Udala da, Zanpatuz mendi elkartea tarteko, bigarrenez Mendi Tourra Sarobe antzokira eramango duena. Iazko harrera onari eta herrian bezala eskualdean dagoen mendi zinemagintza zaletasunari erantzungo dion programazioa prestatu dute ostiral iluntzerako. 

MAMA
Kinga Ociepka-Grzegulska, 9. graduan dantzan dabilen eskalatzaile poloniarra, bi haurren ama, 20 urtez bizi izan da bere pasioari bide emanez, eta orain, helburu berri bati ekitekotan da: aurrez emakume bakar batek eskalatu ezin izan duen bide bat eskalatzea.
Epaimahaiaren Saria BMFF’17

THE FROZEN ROAD
Ben Page britainiar gazteak hiru urtetan egin du munduaren itzulingurua bizikletaz. Pasarte muturrekoena Kanadako Artikoa gurutzatu zuenekoa izan zen, bera bakarrik, eta negu gorrian! Bide eta ibai izoztuak, tenperatura jasanezina, elur ekaitzak, otsoen mehatxua, bakardadea, erreskate bat, urratze mentala… guztiari egingo dio aurre era naturalean, epikotasunean erori gabe.
Zuzendari Onena BMFF'17

SAFETY THIRD
Brad Gobright da protagonista. Sokarik gabeko eskaladak egiten Alex Honnolden pare ote dago? Alderatu al daitezke biak? Ezagutu gehiago mutur-muturrean, eta topikoak bazterreratuta, eskalatzen duen mutil gazte hau.
Eskaladako Film Onena BMFF'17

THE LAST HONEY HUNTER

Bertigoa eragiteko moduko labarretan zintzilikatuta aritzen dira ezti ehizan Nepalgo Kulung herritarrak. National Geographic-entzat landutako dokumental bikaina.
Kultura eta Natura Film Onena BMFF'17

MOUNTAIN
Mendi zinemagintzaren historiako ekoizpenik distiratsuenetakoa. Mendia eta gizakiaren arteko harremanaren lotura estuak eta kontraesanak. Australiako Ganbera Orkestrak sortutako soinu bandari Jennifer Peedom zuzendariak egokitutako filma Renan Ozturk-en pareko sortzaileen irudiekin, eta biribiltzeko, Willen Dafoe aktore ezagunaren narrazioa duena. #MendiTour bidez soilik ikusi liteke.  
Epaimahaiaren Aipamen Berezia BMFF’17

AURRERA
Pasioak gidatutako bizipoza du Irene Sarrionandiak. Mendian lasterka aritzea maite du. Izabako Camille Extreme probaren 13 edizioak amaitu dituen lasterkari bakarra da. 69 urte ditu.

APEX PREDATORS OF THE NORTHERN DEEP
The Shadow Campaing saileko film laburra, Ben Sturgulewski zuzendariaren artelana. Eskia eta poesia irudi itxura hartuta. Izotzetan arrantza egun lasaia izan daitekeena bat-batean okertu daiteke. Zerbait ezkutatzen da Iparraldeko mendi bakarti handien barrunbeetan. Han harraparia ez bazara, harrapakin bihurtuko zara. Nolanahi ere, lau eskiatzaileak ez daude etsia hartzeko prest, ez behintzat borrokarik egin gabe.

SONG FOR THE NOMAD
The Shadow Campaing saileko film laburra, Ben Sturgulewski zuzendariaren artelana. Eskia eta poesia irudi itxura hartuta. Pianoa eta muxukitarra uztartuta goxatzen ditu zentzumenak, TiānShān mendi elurtuetako nomadak omenduz.

 

Sponsors

Erakundeak / Instituciones / Institutions

Gailurra
  
 

Aconcagua
                     

Ama Dablam

Cervino
   
 

Laguntzailea / Colaborador
  

 Auto ofiziala / Vehículo oficial 

Media Partners
 

© 2021 Mendi Film. Cookies - Legal - Privacy