Orri honek cookiak erabiltzen ditu zure hizkuntza konfigurazioa gordetzeko besteak beste. 

'The Dawn Wall' Zangozako 2019ko Mendi Tour kartel buru

Mendi Tourra, Bilbao Mendi Film Festivaleko filma onenak erakusten dituen mostra, Zangozan izango da datozen bi ostiraletan, urtarrilak 25 eta otsailak 1, Karmengo Entzutegian, 20:00etan hasita (sarrera 3€).

Mendiko zinemagintza da, muturreko kirolak, abentura eta natura gaiak jorratzen dituzten filmak, eta Zangozako programazioa ikusgarria da benetan. Ostiral honetan bertan, hilak 25, The Dawn Wall aurkeztuko da, sekulako filma. Tommy Caldwell munduko big wall edo horma handietako eskalatzailerik onena da protagonista, Hollywoodeko gidoi onenen parekoa da haren bizitza eta ibilbidea, eta hori erakusten du filma inspiragarri honek.

Iragan abenduan Mendi Film Festivala zabaldu zuen filma da, 1600 ikusleren aurrean, Euskalduna Jauregian, eta Tommy Caldwell bertan zela –Peter Mortimer zuzendariarekin batera-, aurkezpena egiteko. Mendi Filmen 11. edizioko sari nagusietako bat, Epaimahaiaren Saria, jaso zuen. Eta 2019an Mendi Tourreko film izarra izango da, formatu handian ikusi eta gozatzeko aukera paregabea, Zangozan abiatuta.

Hilaren 25eko saio horretan bertan Hartz eta otsoekin lotan laburmetraia eskainiko da, Iñaki Atxa natura argazkilari elizondarraren lana, Mendi Short egile amateurrentzako lehiaketaren irabazlea. Atxak berak aurkeztuko du filma Zangozan.  

Otsailaren 1ean egingo den saioan ere bi film eskainiko dira. The Search for the Wooo laburmetraia hasteko: David Lama eskalatzaile eta alpinista ezaguna da protagonista, eta tartean Kepa Acero surflari bizkaitarrak ere badu partea.

Mountain filma distiratsua dator gero. Jennifer Peedom-ek zuzendutako superprodukzioa, Australiako Ganbera Orkestrak interpretatutako soinu banda liluragarria duena eta ahots kontalari sarkorra ere bai, Willem Dafoe aktore ezagunarena. Abentura ikuspegi batetik mendiarekin dugun harremana ezbaian jartzen du filma honek, irudi ikusgarrien bidez.

Mendi Jardunaldiak antolatu ditu beste behin Zangozako Udalaren Kirol Patronatuak, eta haien baitan eskainiko dira aipatu proiekzioak Karmengo Entzutegian.

*Filma guztiak jatorrizko bertsioetan eskainiko dira, euskarazko eta gaztelaniazko azpidatziekin lagunduta.

 

Mendi Tour 2019

Bilbao Mendi Film Festivaleko lan onenak urte osoan zehar ikusteko aukera ematen duen mostra da Mendi Tourra, nazioarteko mendi zinemagintzarik onenaz eta gaur-gaurkoenaz gozatzeko aukera aparta. 2018an 50 hiri edo herritan aurkeztu ziren filmak, Euskadi eta Nafarroaz batera, Errioxa, Kantabria, Asturias, Galizia, Gaztela eta Leon, Madrid, Andaluzia, Valentzia, Katalunia, Aragoi eta Kanaria Handian.

Guztira 14.400dik gora ikuslek gozatu zuten iaz Mendi Tour eskaintzaz. Bilbon egin zen azken Mendi Film Festivaleko lan sarituen maila bikaina da, beraz 2019ko Mendi Tourrak osagarri ezinhobeak ditu mendiko zinema onena, muturreko kirolak, abentura eta natura gaiez josia, ikusi eta gozatzeko irrikaz dagoen oro asebetetzeko.

 

Mendi Tour 2019 geltokiak

SANGÜESA-ZANGOZA urtarrilak 25 eta otsailak 1

AZKOITIA otsailak 6

LEIOA otsailak 13-14

SONDIKA otsailak 17

CANET D’EN BERENGUER martxoak 1-2

VITORIA-GASTEIZ martxoak 4-6-7-8

VIELHA E MIJARAN martxoak 8-9

TOLOSA martxoak 11-12-13

EIBAR martxoak 11-13

ESKORIATZA martxoak 12-15

ZUMARRAGA martxoak 15

IGORRE martxoak 22 eta 29

PAMPLONA-IRUÑA martxoak 25-26-27-28

HONDARRIBIA apirilak 4-6

CANGAS DE ONIS apirilak 20

ORONA FUNDAZIOA-HERNANI maiatzak 8

ZALDIBAR maiatzak 9 eta 16

ZARAUTZ 16 eta 23

Sponsors

Erakundeak / Instituciones / Institutions

Gailurra
  
 

Aconcagua
                     

Ama Dablam

Cervino
   
 

Laguntzailea / Colaborador
  

 Auto ofiziala / Vehículo oficial 

Media Partners
 

© 2021 Mendi Film. Cookies - Legal - Privacy