Orri honek cookiak erabiltzen ditu zure hizkuntza konfigurazioa gordetzeko besteak beste. 

Mendi Tourraren urriko 6 geltokiak: Amorebieta-Etxano, Endoia, Burgos, Madrid, León eta Salamanca 

Bilbo, 2018ko urriak 1. Mendifilmeko ale onenen eskaintzak batera eta bestera hedatzen jarraitzen du. Mendi Tourrak urrian 6 geltoki izango ditu: Amorebieta-Etxanon etzi, asteazkena hilak 3, eta Endoian ostiralean, hilak 5, eskainiko dira lehen saioak; Madrilen bosgarren edizioa beteko du Mendi Tourrak; eta Gaztela eta Leongo aurtengo eskaintza bateratuan, Burgos, Leon eta Salamankak hartuko dute Valladoliden lekukoa.

AMOREBIETA-ETXANO, urriak 3
ENDOIA, urriak 5
BURGOS, urriak 8-9-10
MADRID, urriak 15-16-17-18
LEÓN, urriak 22-23
SALAMANCA, urriak 22-23

Amorebieta-Etxanoko etzikoa Zornotzako Mendi Asteko egitarauko hitzordua da, Ametx Erakunde Autonomoa du babesle, eta Zornotza Mendi Taldea eta KINE Zinekluba dira kolaboratzaile. Zornotza Aretoan da saioa, 19:30ean hasiko da, eta sarrera libre da aretoa bete arte.

Endoian Itziarko Auzo Udala, Zestoako Udala eta Debako Udala uztartu dira Zestoako Agiro mendi kluba eta Gaztendoia Endoiako Auzo Elkartearekin batera. Hangotarra da Irene Sarrionandia -Durangaldeko Oromiño auzokoa sortzez, Deban bizi da-, Mendi Tour honetan eskainiko den Aurrera filmako protagonista, eta filma aurkezteaz batera bere zaletasunaz hitz egingo du: mendian lasterka aritzea. The Great Alone filma entzutetsu eta saritua aurkezteko, berriz, Itoitz Armendariz eta Eneko Agirre musherrak bilduko dira Endoiara; ez bakarrik gainera: euren txakurrak eta lehiaketetako lerak eramango dituzte saioa hasi baino ordubete lehenagotik erakusketa egiteko, bertaratzen direnek mushing edo zakur-leren munduari buruz gehiago jakin dezaten. Endoiako elizan hitzordua beraz, 18:30ean erakusketarekin, eta 19:30ean hasita filmeekin, sarrera libre aretoa bete arte, hemen ere.

Zineuskadi da aipatu Mendi Tourretako bidelagun amankomuna, euskal ikus-entzunezko sektorea bultzatu eta laguntzen duen elkargoa.

Urriko beste Mendi Tourrak Gaztela eta Leongo hiru hiriburutan, eta Madrilen egingo dira. Gaztela eta Leongo Erkidegoa, bertako mendi federazioaren eskutik, aitzindaria izan da Mendi Tourra lau hiriburutan aurkezteko planteamendu bateratua egiten. Valladoliden izan zen lehena, arrakastatsua guztiz, eta Burgosek hartuko du datorren astean lekukoa, hilaren 8-9-10ean, Vangolem Arlanzón zinemetan. 22-23an helduko dira Leon eta Salamancako hitzorduak, Cines Van Gogh eta Cines Van Dyck zinemetan ondoz ondo.

Madrilen bosgarren urtez aurkeztuko da Mendi Tourra, bertako kultur agendan erreferente bihurtu den hitzordua da. Hiri erdigunean dagoen  Cines Golem aretoetan eskainiko dira lau egunez mendiko filmak. Golem eta BMFF bidelagunak gara bai Bilbon festibal nagusia egiten den egunetako kolaboraziotik, eta baita Mendi Tour sarean dugunetik. 

Madrilgo eta Gaztela eta Leongo Mendi Tourrak Ternuak babesten ditu, abenturazaleak direnen eta outdoor izpiritua dutenen jantzi marka. Aipatu hiriburu hauetako bakoitzera biltzen diren ikusleek Ladakh jaka banaren zozketan parte hartzeko aukera izango dute, alpinismorako goi mailako jaka, luma birziklatuekin egindakoa, Alberto Iñurrategik testatua. Madrilen batuko den babeslea RSEA Peñalara mendi kluba da, eta laguntzaile dira Instituto Polaco de Cultura de Madrid, Federación Madrileña de Montañismo eta Outdoor Sin Límite denda. Desnivel liburudenda da media partnerra.

Batean eta bestean eskainiko diren filmetako asko Bilbao Mendi Film Festivaleko 10. edizioan sarituak izan ziren, eta bada bat 9. edizioko sarituetatik berreskuratu dena ere.

Saio hauek guztiak BMFF-ko kideek aurkezten dituzte, eta filmak Jatorrizko Bertsioan eskaintzen dira azpidatziekin lagunduta.

Sponsors

Erakundeak / Instituciones / Institutions

Everest

K2
 

Aconcagua
           

Ama Dablam

Cervino

Media Partners
 

© 2019 Bilbao Mendi Film Festival. Web by McArra. About Cookies