Orri honek cookiak erabiltzen ditu zure hizkuntza konfigurazioa gordetzeko besteak beste. 

THE DAWN WALL

 

2018, Austria, 100min

Zuzendariak: Josh Lowell & Peter Mortimer

Epaimahaiaren Saria BMFF 2018

 

2015eko urtarrilean, Tommy Caldwell eta Kevin Jorgesonek erronka itzelari egin zioten aurre: Yosemiteko Parke Nazionalean (Kalifornian) dagoen The Dawn Wall eskalatzea. Eskalaezina zirudien ia 1000 metroko hormatzarrari eutsi ziotenean, mundu osoaren arreta bereganatu zuten.

Tommy Caldwellentzat, ordea, The Dawn Wall eskalada huts bat baino askoz gehiago zen. Esperientzia gogorrak gainditu behar izan zituen haren bizitzan, eta lorpen hura bizitza osoan zehar jorratutako proiektuaren egikaritzea izan zen. Dedikazioaren muga obsesioarekin nahastera iritsi zen arte, Caldwell eta bere kide Jorgesonek sei urtez antolatu eta entrenatu zuten eskalatu beharreko bidea. Azken saiakeran, eta mundu osoa haien peskizan dagoela, muturreko erabakiak hartu beharko dituzte.

 

 



EVEREST GREEN

 

2017, Frantzia, 53min

Zuzendaria: Jean-Michel Jorda

Mendiko Film Onena BMFF 2018

 

Everesten, abenturaz harago, errealitate ekologiko eta humano tragikoa ezkutatzen da. Hondamendia tontorrean bertan hasten da, 8.848 metrotan, eta Katmanduko zabortegi irekietaraino iristen da. Planetako hiririk kutsatuenetako bat da Nepalekoa. Zein da alpinismoaren eta turismoaren arteko aldea? Zer dakar egoera horrek?

 

 



THE WEIGHT OF WATER

 

2018, USA, 78min

Zuzendaria: Michael Brown

Kirol eta Abentura Film Onena BMFF 2018

 

Itsua izan arren, Erik Weihenmayerrek beti aurre egin nahi izan die bere beldurrei. Itota hiltzeak sortzen dion izuari, esaterako. Horretarako, zer hobe kayak bat hartu eta Grand Canyonen Colorado ibaiko ur lasterrei aurre egitea baino?

 

 



BAYANDALAI - LORD OF THE TAIGA

 

2018, Espainia, 11min

Zuzendariak: Pablo Vidal Santos & Aner Etxebarria Moral

Kultura eta Natura Film Onena BMFF 2018

 

Taigaren bihotzean galdutako tipi baten barnean, Bayandalai, dukha herriko agure bat, bizitzaren eta heriotzaren esanahiari buruz ari da gogoetan, planetako basorik handienean.  Elur-oreinen taigako azken artzaina da.

 

 

 

VIACRUXIS

 

2018, Espainia, 11min

Zuzendaria: Ignasi Lopez

Film Labur Onena BMFF 2018

 

Stop-motion teknikaz maisuki egindako film laburra. Marcel eta Andrezj dira protagonistak, bi eskalatzaile handi. Marcelek bere gain hartu du liderraren rola eta ospea, eta Andrezjek, aldiz, nahiago du itzalean egon; gaua eta eguna bezain desberdinak izan arren, talde bikaina osatzen dute. Oraingo honetan, erronkarik gogorrenari aurre egingo diote: mendirik garaienean inork aurrez igo gabeko gailurra eskalatzeari. Horretarako, ordea, oztopo handiak gainditu beharko dituzte, gorriak eta bi ikusi, eta, batez ere, batak bestea jasan.

 

 



THIS MOUNTAIN LIFE

 

2018, Kanada, 77min

Zuzendaria: Grant Baldwin

 

Martina eta bere ama Tania, 60 urtekoa, sei hilabeteko eski-zeharkaldi batean menturatuko dira, Kanadako mendebaldeko kostaldeko mendi arriskutsuetan barna. Paraje harrigarriez gain, beren abenturan itzal handiko pertsona liluragarriekin egingo dute topo.

 

 



THE SEARCH FOR THE WOOO

2018, Austria, 11min

Zuzendaria: Marten Persiel

Wooo fikziozko sinbolizazio bat da, eremu berrietan esploratzeak eragiten duen zirrara eta dibertsioaren adiera bat. David Lama eskalatzaile eta alpinista ezagunak eta bere lagunek mendiak alde batera utzi eta surfa eta psicobloc-a egingo dituzte Eskozian. Film labur originala, dibertigarria eta psikodelikoa… Kepa Acero surflari ezaguna ere tarteko dela.

 

 

 

 

 

 



AGE OF ONDRA

2018, USA, 46min

Zuzendariak: Josh Lowell, Zachary Barr & Peter Mortimer

 

2017an, 9c zailtasuneko Silence bidea eskalatu zuen Norvegian Adam Ondrak. Gradu horretako lehena eta, oraingoz, bakarra munduan. Hura egin ostetik, bere urratsei jarraituko diegu Txekiar Errepublikako etxetik hasita eta Europan eta Ipar Amerikan barna: nola ari den entrenatzeko metodo berritzaileak sortzen eta baliatzen, punta-puntako zer bide eta eskalada burutu dituen, edota 9a+ bat flashean, lehen saiakeran, eskalatzeko lehena izan nahi horretan zer ahalegin egiten ari den. Hortaz, eskaladan giza ahalmena noraino irits daitekeen esploratzen ari da.

 

 

 



UP TO SPEED

 

2018, USA, 20min

Zuzendaria: Peter Mortimer, Zachary Barr & Nick Rosen

 

2020ko Jokoetan eskalada kirol olinpiarra izango da, mugarri garrantzitsua kirol honetarako. Alabaina, ezustea izan zen jakitea domina lortzeko modalitate konbinatuetako bat Abiadura izango dela. Diziplina honek sekulako debozioa du Asian. 15 metroko horma bat sei segundo baino gutxiagoan eskalatzeko gai dira Abiaduraren deabruak.

 

 

 



IN THE STARLIGHT

 

2018, Frantzia, 53min

Zuzendaria: Mathieu Le Lay

 

Kanadako Mendi Harritsuetako gailurrak, Namibiako basamortuko duna basatiak, Groenlandiako fiordo ezkutuak… Gauez ehizatzen ditu Paul Zizkak (CVCEPHOTO 2018 irabazlea). Iluntasunean menturatzen da, mundua lotan dagoen bitartean, planetako zeru distiratsu eta ikusgarrienen bila. Argitasun bereziena, ordea, alaba ttipiak ematen dio. Harekiko duen debozioa eta lanbidearekiko duen pasioa uztartu ahal izateko oreka bila dabil argazkilaria.

 

 



LIV ALONG THE WAY

 

2018, Kanada, 23min

Zuzendaria: Anthony Bonello & Mike Douglas

 

Liv Sansoz, artean gaztetxoa zela, Mont Blanc gailurra lehen aldiz jotzeaz batera mendiari loturik biziko zela ohartu zen. Birritan izan da kirol eskaladako munduko txapeldun, eta eskalada mistoan, mendiko eskian eta BASE jauzian ere nabarmendu da. Berrogei urterekin, Liv berebiziko erronka bati ekitekotan da: Alpeetako 4.000 metrotik gorako 82 gailurrak urte bakar batean eskalatzea.

 

 



NOTES FROM THE WALL

 

2017, Belgika, 35min

Zuzendaria: Siebe Vanhee & Guillaume Lion

 

Sean Villanueva, Nicolas Favresse eta Siebe Vanhee Paineko Dorretara (Txile) itzuliko dira, Patagoniako biderik zailenetako bat, “El regalo de Mwono”, era askean eskalatzeko asmoz. 1.200 metroko lerro bat da, Erdiko Dorrearen ekialdeko aurpegian. Film honetan, umorea, musika, konpromisoa eta adiskidetasun estua nahasten dira munduko big wall basatienetako batean.

 

 



RJ RIPPER

 

2018, USA, 20min

Zuzendaria: Joey Schusler

Euskal Herrian Estrenaldia

 

Gainerako neska-mutikoak ikasten zeuden bitartean, Rajesh Magar bizikletekin ametsetan ibiltzen zen. Egoera ekonomikoa zela eta, ezin zuenez bat erosi, berak egin zuen, bere kabuz, mendiko bizikleta bat. Pedalei eragiten hasi bazen hasi, gogo horri eta bere berezko talentuari esker, mendiko bizikleta gidari lanetan hasi zen profesionalen ondoan. Gaur egun, Nepaleko txapelduna da eta norberaren pasioari tinko eutsi behar zaiola erakusten duen adibide argia, pasio hori iritsiezina begitandu arren.

 

 



WALLMAPU

 

2018, USA, 6min

Zuzendaria: Ben Sturgulewski

 

Andeetako pehuentxe herri indigenako biztanleen arabera, unibertsoaren jatorrian korapilatzen dira nonbait Corralco (Txile) eskualdeko sumendi ikusgarria esploratzen duten eskiatzaileen modernitatea eta mapudungunaren marrua, Ama Lurraren hizkuntzaren orroa, alegia.

 

 

 



ARA SALVAJE

 

2017, Espainia, 52min

Zuzendaria: Martin Campoy

 

Mundu berri batean bere bidea aurkitzeko ahaleginean, Martin leku galdu batera iritsiko da, bizikleta beti altzoan. Han aurkituko du Pirinioetako azken ibai handi eta basatia: Ara ibaia. Une horretatik aurrera, ibai horren ur bizietara, mendietara, historiara eta inguruko herritarren bizimodura katigaturik geratuko da. Borroka eta ametsak uztartzen dituen istorioa da hau: ibai baten askatasunaren aldeko borroka, ibaiertzeko herritarrek egokitzeko egin behar izan duten borroka eta bizikleta gainean bizi den abenturazale baten ametsa.