Jabi Les-ek aurkeztuta: Lurrazpiko mundu misteriotsua
Mendi Film Festibalaren bigarren ekitaldiko erakusketa nagusiak lurrazpiko mundua ezagutzeko aukera aparta eskainiko digu. Jabi Les argazkilari eta espeleologo bilbotarrak bere ibilbidean eskuratutako argazkiez osatutako lana Goiuri Jauregian (Villasuso) ikusgai izango da bi hilabetez, abenduaren 1etik urtarrilaren 31era bitarte. Aurtengo honekin, eta iazko Memorial Maria Luisa lehiaketako urteurren erakusketa gogoan, Mendi Film Festibalak kalitatezko argazkigintzaren erakusleiho izaten jarraitu nahi du.
JABI LES
Bilbao, 1973
Jabier Les-ek argazkilaritza ikasketak egin zituen 1994an eta 1995az geroztik argazkilari profesionala da eta International Federation of Journalists (IFJ) erakundeko kide 2004az geroztik. Lurrazpiko argazkigintzan egindako lanean esperientzia handia du, eta hala, izen handiko hainbat aldizkari eta liburutan argitaratu ditu bere argazkiak: National Geographic, Geográfica, Environmental Geology, Geomorphology eta Geogaceta. Estatu mailako eta nazioarteko hogei bat sari jaso ditu, eta hainbat libururen egilea ere bada: Mogote (1998 eta 1999), Revolución desde la espeleología (2000), Iniciación a la fotografía subterránea (2001), El karst de Pagasarri (2002), El karst en yesos de Sorbas (2003), La cueva de Balzola, del mito a la ciencia (2005), Rapa Nui, la tierra de Hotu Matu’a (2007), eta Fotografia Subterránea (2008).
Erakusketa:
Lurrazpiko mundu misteriotsua
Ikerlariek duela ehunka urtetik hona aztertu dituzte lurra, espazioa eta ozeanoak, baina lurrazpiko munduaren azterketena kontu berria da, joan zen mende hasierakoak, XX. mende hasierakoak, dira lehen azterketak. Eta badago zer ikasi, aldiro deskubritzen direlako animalia espezie berriak, lurrazaleko gure munduarekin batera garatu direnak baina ezezagun genituenak. Gure arbasoek bizilekutzat zuten eremu bat da, gaur egun esploratzaileentzat desafioa dena: galeria berriak aurkitzen ari dira aldiro, haietan Ama Naturak milaka urtetan landutako altxorrak deskubritzen. Lurrazpiko mundu misteriotsuaren esploratzaile baten erakusketa da.