Andoni Ormazabal (Xabier Ormazabal Festa antolatzailea), Javi Antúnez (EMF-FVM), Ibon Mendia (beka hartzailea), Jabi Baraiazarra (Mendi Film)

Xabier Ormazabal Mendi Festaren baitan eman da jakitera haren izeneko bekaren 2025eko deialdia nork irabazi duen. Ibon Mendia mendizale eta alpinista nafarrak jasoko du laguntza, Patagoniako Cerro Torre mendigunean Cerro Standhardt, Punta Herron, Torre Egger eta Cerro Torre orratzak jarduera bakarrean lotzeko aurkeztutako egitasmoari begira.

Mendiak, Mikel Inoriza eta Tasio Martin izango ditu sokalagunak. Zeharkaldi horretan, 1.650 metro inguru eskalatu beharko dituzte, izotzean, mistoan eta harkaitzean, eta estilo alpinoan jardungo dute, hau da, soka finkorik gabe, kanpoko laguntzarik gabe eta beharrezko material guztia gainean eramanez. 

Bekaren epaimahaia Oscar Gogorzak, Unai Mendiak eta Mikel Zabalzak osatu dute. Aurkeztutako lau proiektuen artean, aho batez erabaki dute Ibon Mendiarena saritzea. Horrez gain, Xabier Ormazabal Bekak beste egitasmo bat ere lagunduko du 2.000 eurorekin: Onbelay aplikazioa. Manuela Nieto, Kento Reinoso eta Ignacio Villanueva madrildarrek sakelakorako aplikazio bat sortu dute, eskalatzeko sokaldi bateragarriak osatzea errazteko edo eskalatzeko eta alpinismorako kideak bilatu eta kontaktua bideratzeko.

Bekaren sustatzaileak Urretxuko Udala (3.000 euro), WOP-The Walk On Project fundazioa (2.000 euro) eta Mendi Film (2.000 euro) dira. Euskal Mendizale Federazioak 2.000 euroko baliodun ekarpena egingo du materialean.

Xabier Ormazabal Festan, Andoni Ormazabal antolatzaileak, EMF-ko zuzendaritzako kide Javi Antunezek, eta Mendi Filmeko zuzendari Jabi Baraiazarrak,  eman zioten beka-saria Ibon Mendiari.

 

Xabier Ormazabal

Xabier Ormazabalek (Urretxu 1981-Cho Oyu 2004) Elurretako Lehoinabarra erronka bete zuen  Komunismo, Khan Tengri, Pobeda, Lenin eta Korzhenevskaya zazpimilakoak igoz. Ondoren, Himalaiara jo zuen. Cho Oyu mendian hil zen, 2004ko urrian.  Haren izenean, Mendi Festa antolatu ohi da Urretxun, eta 2026ko maiatzaren 22-23 asteburuan egin dena 9. edizioa izan da.

Festa horren altzoan sortu zen Beka, eta helburua, haren oroimena bizirik mantentzea, bere mendiko ibilbidea eredu gisan bultzatzea, eta mendizale gazteei laguntzea da. Denetariko proiektuak aurkeztu izan dira: espedizio handiak, gidak, liburuak eta ikus-entzunezkoak. Hemen orain arteko beka hartzaileak eta haien proiektuak:

  • 2018: Iker Madoz “Pausoz Pauso Gasherbrum 4”
  • 2020: Ander Zabalza “Paredes vírgenes en latitudes cercanas al Artico”
  • 2022: Maialen Rojo “Alpeetan esploratzen”
  • 2024: Ainhoa Unanue “Mendi eskia bizikletaz Alaskan”
  • 2026: Ibon Mendia “Travesía del Cerro Torre” eta “Onbelay app”