Hautatu hizkuntza
Adam Ondra (Brno, Txekiar Errepublika, 1993) Munduko Txapelketa bi diziplinetan, zailtasunean eta bulder-ean, irabazi duen eskalatzaile bakarra da. Gainera bi dominak urte berean lortu zituen, 2014ko edizioan. Munduko Kopan ere antzerako marka du, Munduko Kopa bi diziplinetan (2009an zailtasunean eta 2010ean bulderren) irabazi duen eskalatzaile bakarra baita. 8a (5.13b) eta 9 b+ (5.15c) arteko 1.162 bide eskalatu ditu. Horietatik hiru 9b+ (5.15c) izan ziren eta 548 bistaz egindakoak izan ziren, zeinetatik hiru 9a (5.14d) eta hamabost 8c+ (5.14c) izan ziren. Adam 9b+ (5.15c) mailako proposamena duen bide bat puntu gorriz eskalatu duen lehen eskalatzailea da (Change, Flatanger, 2012an). Lau aldiz eman diote “Salewa Rock Award” saria.
Eskaladako ikastaroaren alde praktikoa Bilboko PIUGAZ eskalada zentroan egingo da eta teorikoa Bilboko Zabalgune Eraikinean, abenduaren 12 eta 13an.
Adam Ondraren konferentzia Sala BBK-n egingo da abenduaren 12an, 19:30etan.
Adrián Cuéllar (Donostia) Ortopedian eta Traumatologian espezializatutako zirujaua da. Hainbat urtez Galdakaoko ospitalean egin du lan, baita ikerlari gisa UPV-EHU-ko Kirurgia, Erradiologia eta Medikuntza Fisikoaren Departamentuan ere. Gaur egun Policlínica Gipuzkoan egiten du behar. Estatu mailako eta nazioarte mailako kongresuetan parte hartu du, eta hainbat artikulu argitaratu ditu. Artroskopiako Espainiar Elkartearen kide da.
Aitorrek 25 urte daramatza ikusentzunezkoen arloan. ETBrentzat hainbat programa eta dokumentaletan errealizadore lana bete du; besteak beste, ‘La noche de…’, ‘Oinak izarretan’, ‘Lau haizeetara-la mirada mágica’, ‘Eitb kultura’… Getxophoto-n eta Bilbao Mendi Film Festival-en ere errelizadore lana egin du, eta Fredi Paiarekin batera, ‘Akordaten naz I & Akordaten naz II’ (2008-2010) egin ditu, Getxoko elizateko memoria historiko eta etnolinguistikoaren ikusentzunezko lekukotzen inguruko dokumentalak. Orain, biak Euskal Herrian izandako transhumantziari buruzko lan bat prestatzen ari dira.
Metraje laburreko lana BBK Salan aurkeztuko da abenduaren 17an, 17:00etan.
Aretxabaletako eskalatzaile eta mendizalea 14 zortzimilakoak igo dituen hamargarren alpinista da. Estilo alpinoan; oxigeno, soka finko eta kanpoko azpiegitura gehigarri barik. Alberto Iñurrategi euskal himalayismoaren zutabe bat da, erreferenteetako bat. Gurekin izango dugu, Eneko Atxa sukaldariarekin “Erronkari” buruz zuzenean edukiko duen solasaldian eta, beste alde batetik, Chamlangera egindako espedizioa kontatzen duen pelikularen aurkezpenean. Udazken honetan, urriaren 19an, Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza alpinistek eta juanjo Otazu kameralariak osatutako WOPEAK espedizioa Nepalgo mendi horren tontorrera heldu zen.
Pelikula Sala BBK-n aurkeztuko da, abenduaren 19an 19:30etako saioan.
Alberto Iñurrategi eta Eneko Atxaren arteko solasaldia BBK Salan izango da abenduaren 12an, 11:30etan.
Andoni Esparta esparru guztiak menperatzen dituen eskalatzailea da. 2001eko maiatzaren 9an jaio zen eta DBHko hirugarren kurtsoa ikasten ari da. Berritsua, atsegina eta bere lagunentzako leiala, 14 urteko gazte honek zailtasuneko eskaladan erreferente bilakatu da, ez soilik lortu duen mailagatik, baita bere jarrera eta energiagatik ere.
Andonik 8a maila erdietsi du eta ekainaren 15ean bere lehenengo 8b+ egin zuen Gobiaranen (Araban). Dena den, Frantzian, Italian eta Estatu Batuetan ere maila horiek lortu eta finkatzeko aukera izan du. Gainera irailaren 20an Torinoko Europako Txapelketan lehenengoa izan da bere kategorian, erretxina ere koltrolpean duela erakutsiz.
Aurten datozen txapelketei begira, gogor entrenatu eta gertu duen 8c mailara saltoa eman nahi du.
'Jugando a escalar' Mendi Talk-a BBK Salan egingo da abenduaren 13an 11:30etan.
Andoni Ormazabal (Urretxu, 1978) Fisioterapian diplomatua da eta bi master ditu: Medikuntza Txinatar Tradizionalean bat eta Kirol Fisioterapian bestea. Ebakuntza kirurgikoen inguruko heziketa osagarria izan du, eta eskaladako eta mendiko gaitzetan espezializatua den estatu espainiarreko fisioterapeuta bakarrenetakoa da. Aretxabaletako Ekin fisioterapia zentroko bazkide sortzailea da. Gaur egun eskalatzaileen komunitateari buruzko ikerketa egiten ari da, kirol honetako maila eta talde desberdinetako eskaladarekin lotutako lesioen gailentasuna eta arrisku-faktoreak aztertzeko.
Antxon Arza 18 urterekin hasi zen lanean haitz eta izotz monitore, eta iraupen-eskiko monitore moduan. Bere zaletasunak eskalada, ibaien jaitsiera eta espeleologia izan dira betidanik. Piriniotar ibai ugarien jaitsieran aitzindaria izateak TVEko “Al Filo de lo Imposible” saioan espezialista bezala lan egitera eraman zuen Ibai 2000 urtera arte. Venezuelako Yuruani ibaian egindako 15 metroko salto batean bi orno apurtu zituen, eta istripu harek gurpil aulki batean utzi zuen. Dena den, horrek ez dio galarazi bere bizitzarekin jarraitzea, “lehen zutik eskiatzen nuen, orain jesarrita, lehen maratoi erdia egiten nuen, orain Getaria–Zarautz lasterketan parte hartzeko igeri egiten dut, lehen mendira ibilitzen nijoan, orain quad batean… pozik nago taldean naturaz gozatzen jarraitu ahal izateko bigarren aukera bat izateagatik”, baieztu du. Gaur egun baloreetan sakontzeko konferentziak eskaintzen ditu enpresentan, eta hauei esker Speak Manager saria lortu zuen 2010ean.
'Biziminez' pelikula BBK Salan aurkeztuko da abenduaren 12an, 17:15etan.
Ingeles literaturan eta musikan lizentziatua, mendizaletasunari eta mendiko kulturari buruzko zortzi liburu idatzi ditu, horien artean 'Freedom Climbers' izenekoa. Hainbat sari jaso ditu, besteak beste, Boardman Tasker Prize for Mountain Literature eta Banff Mountain Book Festival delakoa. Horiez gain beste hainbat aitortza ere baditu: mendiko literaturako ITAS saria eta Indiako Kekoo Naoroji saria, hiru aldiz, batzuk aipatzearren. 2011n, American Alpine Club elkarteak mendiko literaturako bikaintasunaren ohorezko garaikurra eman zion. Mendiko kulturaren eta ingurumenaren arloan nabarmentzekoak dira beste sari hauek ere: Alberta Order of Excellence garaikurra, Banff Centrek antolatutako Summit of Excellence Saria, King Albert saria, arlo horretan nazioartean erakutsitako lidergoagatik eta Queen´s Golden Jubilee domina. Poloniako Mendizale Elkartearen ohorezko kidea da, baita Indiako Himalaya Elkartearena ere, eta gaur egun, National Geographic Expedition Council elkartearen nazioarteko aholkulari batzordeko kidea ere bada. 'Freedom Climbers'-en gaztelaniazko itzulpena, ‘Escaladores de la libertad’, BBK Salan aurkeztuko du abenduaren 12an, 12:30etan.
Bertrand Delapierre alpinista eta errealizadore frantziarra da, hasieran jaitsierei buruzko filmak egiten hasi zen, baina gero eskaladaren inguruko interesa izan zuen. Marco Siffredi-ren soka-laguna izan zen Alpeetan eta Himalaian. Gerora alpinistaren bizitza eta heriotzari buruzko filme bat egin zuen: ‘L’étoile filante’. Eskalada ardatz duten hainbat dokumental egin ditu, batzuk izotz eskaladaren ingurukoak. 2003an François Damilanoren ideian oinarrituz, Guy Lacelle eta beste bost eskalatzailerekin batera egindako filma adibidez: ‘Ice Up’. Eskalada libreari buruzko dokumental ugari ere egin ditu. Bilbao Mendi Film Festival-era dator ‘Artists on Jorasses’ pelikularen zuzendari moduan eta ‘Antagonist’ filmaren karameralari gisa.
‘Artists on Jorasses’ BBK Salan aurkeztuko da, abenduaren 14an, 17:00etan.
‘Antagonist’ BBK Salan aurkeztuko da, abenduaren 15ean, 17:00etan.
“Nirekin datozenei mendiarekiko benetako maitasuna igortzea gustatzen zait”, bere aitak eta osabak , Jean eta Pierre Ravier anaiek, berari transmititu zioten moduan. Askotan Christian bere bezeroekin joateko edo etorkizunean klasikoak izango diren bideak irekitzeko baino ez da joaten mendira. Bere kasuan, eskalatzea eguneroko abentura da, ezezaguna denari aurre egitea, arrokan biderik gairbi eta estetikoena bilatzea. Paun bizi da eta Piriniotako bi aldeak maite dituela dio. Dena den Marokon, Jordanian, Grezian edo bidaia bertikal bat merezi duen munduko beste edozein tokitan lan egiten aurkitzea ere ohikoa izaten da.
'Panel Talk'-a BBK Salan egingo da abenduaren 15ean, 19:30etan.
Jeffen istoriaz liluratuta, Conniek denbora asko darama film honen atzean. Salmentetan hasi zuen bere karrera eta 11 urtez 'Adventure 16 Outdoor' and 'Travel Outfitters'-en presidenteordea izan zen. 1990etik bere negozio propioa darama, 'CS Consulting and Training and Peace of Mind Doula Services'. Conniek Jeffekin lan egin du 'Clean Walls' heziketa bideoan, baita hainbat hitzaldiren antolaketan ere. Bere sormenak, berotasunak eta proiektua garatzeko trebetasun profesionalek asko lagundu dute proiektu hau aurrera ateratzen. Bere zaletasunak eskia, eskalada eta ibaien jaitsiera dira. Louisvillen, Coloradon, bizi da, Jeff Lowerekin.
Pelikula BBK Salan aurkeztuko da abenduaren 18an, 19:30etan.
Dani Salasek bere pasioak lanbide bihurtu ditu, eta horregatik eskalada eta alpinismo profesionala zinemarekin eta argazkigintzarekin bateratzen ditu. TVE-ko ‘Al Filo de lo de imposible’ saioan hasi zen lanean kameralari eta soinu teknikari moduan. Hainbat ekoiztetxe eta proiektu ezberdinetan hartu du parte, baina beti mendia eta bidaiekin lotuta. 2010ean Documalia ikusentzunezko ekoiztetxea sortu zuen, oraingo honetan ere mendia eta bidaiak protagonista izanik. Etapa honetan ere Nepalen, Pakistanen, Kenian edo Tanzanian egindako eskaladak, Afrikako sabanean egindako grabaketak, Ekuatore Ginean egindako ikerketa zientifikoak, Rigloseko base saltoak, abentura raid-ak, zailtasunezko eskalada eta alpinismoa izan dira protagonistak. Hainbat sari ere jaso ditu bere lanengatik. Nabarmenenak: ‘The end of the Loneliness’ pelikularekin Espainiako film onena Torelloko Mendi Zinemaldian eta ‘El reto de Carlos Soria’-rekin soinuaren montaketa onenaren saria FESCINAT jaialdian. Bilbao Mendi Film Festival-ean bere proiektu dokumentala aurkeztuko du: ‘Jugando a escalar’ (‘Eskalatzera jolasten’).
Bere proiektuaren inguruko ‘Mendi Talk’-a BBK Salan egingo da, abenduaren 13an, 11:30etan.
Daniel Castillok ‘Zaunka’ ikus-entzunezko taldea eratu zuen 2004an eta harrezkero sari ugari jaso ditu, adibidez, 2006an ‘Premio de creación artística de la Comunidad de Madrid 2006’, ‘Premio Montehermoso Creación’. 2009an eskaladari buruzko ikus-entzunezko edukiak sortzen dituen ‘Clownclimbing’ argazkilari, errealizadore eta eskalatzaile taldea sortu zuen. Euren erreportaiak aldizkari nagusietan argitaratu dira. Daniel ‘Desnivel’ aldizkariko kolaboratzailea ere bada, bertan bidaia-erreportajeak eta nazio-eremuko erreportaje monografikoak argitaratzen ditu. Bilbao Mendi Film Festivalen eskaladaren etorkizunaz arduratzen den ‘Escalada Sostenible’ taldeak ekoiztutako ‘Prohibido Escalar’ dokumentala estreinatuko du.
Pelikula BBK Salan aurkeztuko da abenduaren 18an, 17:00etan.
Dariusz Zaluskik 5 ‘zortzimilako’ igo ditu, Everest birritan eta K2 barne, eta negu-espedizio ugaritan parte hartu du. Gaur egun Varsoviako Klub Alpetarraren kide da.
Zinema eta eskalada uztartzen ditu, eta hainbat sari jaso ditu bere munduko mendi altuenei buruzko dokumentalei esker: ‘Everest to shift the horizon’, ’Annapurna in light style’, ‘Shisha in winter’, ‘Ciao Martina’ eta ‘Two on K2’, beste batzuen artean. Zinema eta mendiarekin abentura 1997an hasi zuen, Andrzej Zawadak Himalaiara zuzendutako azken espedizioaren grabaketan.
Bilbora etorriko da bere azken filma aurkeztera, ‘No ski no fun’.
Pelikula BBK Salan aurkeztuko da, abenduaren 16an, 19:30etan.
Dimitar Dimitrov Bulgariako abentura lehiaketa handieneko antolatzaile da, XcoAdventure Kopa, eta abentura lasterketetan pertsonaia oso ezaguna. "5 gailur" erronkaren antolaketaren arduraduna izanik, eta bertan hasi zen Kirilen erotasuna estimatzen.
Harrezkero Kirilen bizitzaz eta osasunaz arduratzen da. Bere erantzukizun nagusia, haren ondoan egotea da, bai lagun moduan, bai bere ondoan korrika eginez bere indarra partekatzeko.
Dimitar gauzak eskala handian begiratzen dakien pertsona da. Oztopoak agertzen direnean, bera da taldearen eginkizunak aldatzen dituena egoera berrira moldatzeko.
Pelikula BBK Salan aurkeztuko da, abenduaren 13an, 15:00etan.
76 urteko Elisabeth Vergés, Josep Manuel Angladaren emaztea izateaz gain, Espainiako emakumezkoen eskaladan aitzindarietako bat ere bada. Nahiz eta ogibidez industria kimikokoirakaslea izan, bere senarrari bidaia eta espedizio gehienetan lagundu dio. Batzuetan kanpamentu nagusian geratu zen, baina beste batzuetan Kilimanjaro (5.895 metro) bezalako mendietara ere igo zen. Horregatik, emakumezkoen artean, Espainian, eskaladaren bultzatzaile nagusienetarikoa izan da.
Bilbao Mendi Film Festival-ek bere senarrari, Josep Manuel Angladari, omenaldia eskaini eta 2015eko WOP Fundazioa Saria emango dio, abenduaren 19an, 19:30etan.
Zarautzen jaioa, administratibo ikasketakegin zituen eta ‘Refractarios Arrillaga’ bulegoko lanak egiten aritu zen. 1980an ezkondu eta Itziarko baserri batera joan zen bizitzera, bulegoa utziz eta baserriko lanetan sartuz. 1985an, alargundu ondoren, Aizarnazabalen alokatu zuen baserri bat, eta bere alaba txikiarekin batera, 200 ardiko artalde bat eramaten hasi zen. 1986tik 1990era ELE, Gipuzkoako Artzai Elkarteko presidentea izan zen, baita batzorde kide zenbait erakundetan: Artzai Gazta Elkartean, EHNE sindikatuan, Urkome Mendi Nekazaritzako Elkartean... 1992an berriro ezkondu, eta Mikel Etxezarreta bere bigarren senarrarekin, mendiko artzaintzan sartu zen, Urbian. Orain Olaberriko Aizpea gaztandegian pasatzen dute negua azarotik maiatzera, eta uda, Urbian maiatzetik azarora.
Metraje laburreko ‘Dominica’ lana BBK Salan aurkeztuko da, abenduaren 17an, 17:00etan.
Eñaut Izagirre Estibaritz elgoibartarrak (1990eko azaroaren 30) Geografia ikasi zuen EHUn. Handik gutxira Punta Arenara joan zen, Patagonia txiletarrean, Glaziologian espezializatutako Zientzia Antartikoei buruzko Master bat egiteko Magallaneseko Unibertsitatean. Txikitatik mendizalea izan da eta inguru naturalak ere gustuko izan ditu. Izotzei, glaziarrei eta goi-mendiei arreta jarri die betidanik. Bere lizentziaturaz gain, Mendi-ertainetarako gidari tituluaren lehen maila ikasi du. Punta Arenan zegoen bitartean, Cordarwin 2013 espedizioan parte hartzeko aukera izan zuen, Monte Sarmientora helduz, Darwineko mendikatean, Tierra de Fuego-n. National Geographic-eko beka bat lortu du gaur egun garatzen ari den “Incognita” proiektua aurrera eramateko. Bilbao Mendi Film Festival-en bere proiektuaren nondik-norakoak azalduko ditu. ç
Mendi Talk-a BBK Salan egingo da abenduaren 13an, 11:30etan.
Eneko Atxa Amorebietan jaio zen 1977an. Leioako Ostalaritza Eskolan ikasketak egin ondoren, Euskal Herriko hainbat jatetxetan egin zuen lan, hala nola, Galdakaoko Andra Marin, Martín Berasateguiren jatetxean edota Andonis Luis Adurizen Mugaritzen. 2005ean bere jatetxea ireki zuen, Azurmendi, eta soilik bi urte geroago Guía Michelinek lehen izarra eman zion. 2012an hirugarren izarra iritsi zen. Bera da sari hau lortu duen Bizkaiko sukaldari bakarra. Beti erronka berrien bila, Eneko Atxak 2013an bere Bistró prêt à porter jatetxeak Guía Michelinen Bib Gourmand saria jasotzea lortu zuen (kalitatezko janaria neurrizko prezioan). Honetan ere, sari hori duen Bizkaiko jatetxe bakarra da.
'Panel Talk'-a BBK Salan egingo da abenduaren 12an 11:30etan.
Eneko Pou betidanik bizi izan da mendiari emana, leihorik ezeri itxi gabe. Eta bide horretan aurrera eginez, Euskal Goi-Mendi Eskolako irakaslea eta eskiko irakasle diplomatua da gaur egun. Eskaladan zortzigarren gradua gainditu du eta alpinismoan hainbat espediziotan hartu izan du parte, hala nola 1999ko Annapurnako ahaleginean, Juanito Oiarzabal eta Juan Vallejorekin. Izotz eskaladan, zailtasun handiko bideak eskalatu ditu Alpeetako, Kanadako, AEBetako eta beste hainbat lekutako mendiguneetan. Eskian, oso maitea duen kirolean, muturreko hainbat jaitsiera egin ditu, hala nola Perdido mendiaren iparreko bide zuzena, Midi D’Ossauko bide normala, Astazou mendietako Swan couloirra... Eskalatzaile eta alpinista moduan, 2003an jo zuen gailurra, Iker anaiarekin batera, ‘7 pareta, 7 kontinente’ proiektu ederrean.
Bilbao Mendi Film Festival-era etorriko da “Big Men” pelikulan protagonista gisa izandako bizipenak kontatzeko.
Filma BBK Salan aurkeztuko da abenduaren 18an 19:30etan.
Bertsolari, musikari eta etnografoa. Plazaz plaza dabil 1999. urtean Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa irabazi zuenetik. Egungo Bizkaiko Txapelduna da eta zazpi aldiz izan da finalista 2000. urtetik. Bertsolaritza beste hainbat diziplinarekin uztartzen du: antzerkia (‘Bertso Tranpak’), musika (‘Hudaltzainak’), literatura (‘Oroimenaren lupa’). Ahozko inprobisazioaren inguruko ikerketa eta esperimentazioa egiten ari da nazioarte mailan: Brasilen, Argentinan, Uruguain (bertako parlamentuak bere egonaldia interes nazionalekoa zela adierazi zuen), Palestinan, Kurdistanen, Grezian, Irlandan… Horrez gain bibolin jole, txirulari eta ‘Gibelurdinek’ taldean abeslaria ere bada.
Metraje laburreko lana BBK Salan aurkeztuko da abenduaren 17an, 17:00etan.
1989an Bartzelonan jaioa, Gerard Peris-ek Kazetaritza ikasi zuen baina ikus-entzunezkoan espezializatzen joan da, bai era akademikoan, bai autodidaktan. Namuss Films ekoiztetxea sortu zuen jon Herranzekin batera eta beragaz ikus-entzunezko hainbat proiektu egin eta bultzatu ditu. Beti ere dokumentalen ikuspegitik, eta hainbat eratzunkizun beregain hartuta, vaina beti produktore edo zuzendaritza-laguntzaile gisa, Gerard Perisek eduki sozialeko bideoak eta kirol-bideoak produzitu ditu. Eskaladari buruzko euren azken dokumentalak, 'Panaroma'-k, hainbat sari irabazi ditu Italian,z polonian eta Perun, esaterako, eta 'Novato' laburmetraiak Mendiari buruzko 14 Nazioarteko Zinemalditan aukeratu zuten. Ikuspuntu sozialetik, 'Sikyong. La revolución política del 14o Dalai Lama', 'Flames', edo 'La Plataforma' dokumentaletan parte hartu du. Azken horrek 2013ko Bartzelonako Giza-Eskubideen Nazioarteko Zinemaldian Pelikula Onenaren Saria lortu zuen, baita 2013ko SCIFE-ko Giza-Baloreen Saria.
'Panaroma' pelikula BBK Salan aurkeztuko abenduaren 18an, 17:00etan.
Higinio Rivero betidanik izan da kirol, motor eta arrisku jardueren zale amorratua. 2013ko apirilean, baina, istripu larri bat izan zuen eskalatzen zuen bitartean, zeinak muineko lesio bat eta paraplegia ekarri zizkion gerora. Hala ere, Higiniok bere pasioagatik borrokan jarraitu du eta umetatik kirolak eman dion ilusioa eta motibazioa berreskuratzen saiatu da. Horretarako, gorputza eta arima jartzen du piraguan. Bere borroka jarraitu beharreko eredua da, eta hori da autograbatutako dokumental honek transmititzen duena. Berarentzat ere esperientzia oso ona izan da. “Lagundu dit nire sentimenduak irudikatzen, eta nire eguneroko borrokarako inspiratzen”, baieztatu du.
Filma BBK aretoan aurkeztuko da abenduaren 17an 17:00etan.
Iara Lee, jatorri korearreko brasildarra, ekintzaile, zinemagile eta Cultures of Resistance Networken zuzendaria da. 2010ean kulturen erresistentziari buruz film bat zuzendu zuen, ekintza sortzaileek gatazken prebentzio eta ebazpenetan duten eragina aztertuz. Harrezkero Iara-k dokumentalak produzitzen jarraitu du. Horren erakusgarri da bere azken filmea, 'K2 and the invisible footmen', mundu osoko zinemaldietan proiektatzen ari dena. Bilbao Mendi Film Festivalek ezin zuen galdu eta horregatik Pakistango iparraldean filmatutako eta herrialde horretako mendi altuenaren igoera posible egiten duten zamaketari indigenen eguneroko sakrifizioak nabarmentzen dituen filme hau aurkeztuko du.
Filma BBK aretoan aurkeztuko da abenduaren 19an 17:15etan.
Txikitatik oso modu berezian bizi izan du mendia eta, horregatik, ezagutza eta errespetu handia du ingurune horrekiko. Eneko anaia diziplina batean eta bestean zebilela, Iker kirol eskaladan hasi zen bete-betean, jarduera horrek katigaturik, eta berehala iritsi zen zortzigarren gradura. Eta, mailaz maila, 8c, 8c+ eta 9a zailtasuneko lehen bideak kateatzera. Nazioarteko eskalatzaile osoenetakoa eta onenetakoa da. Gaitasun harrigarriak ditu jardun horretarako eta ahoa bete hortz uzten ditu asko eta asko milimetrotako erlaitz niniñoetan hatz bakarretik edo bi hatzetatik zintzilikatzen delarik. Horren erakusle, ‘Action Direct’ (Alemania) bide mitikoaren bigarren errepikapena lortu zuen. Nazioartean berebiziko bultzada eman zion horrek, 9a zailtasuneko bide bat gainditzen zuen eskalatzaile gazteena bihurtu baitzen. Geroztik, zortzigarren eta bederatzigarren graduko ezin konta ahala bide kateatu ditu. 9a zailtasunekoak, hain zuzen, hiru ditu, eta Espainian lehena da halakorik lortzen. Kirol eskaladaz gain, ordea, horma handiak eta alpinismoa ere oso maiteak ditu Ikerrek, eta ahal duen aldiro jotzen du mendira, kirol eskaladako girotik ihesi, alpinismoaz gozatzeko. 'Big Men' pelikularen protagonista gisa etorriko da Bilbao Mendi Film Festival-era.
Pelikula BBK Salan aurkeztuko da abenduaren 18an 19:30etan.
Imanol Marrodan (Bilbao, 1964) hainbat diziplinatan lan egin duen sortzaile eta pentsalari kritikoa da. Bere lana arte garaikidearen ikerketan eta sorkuntzan oinarritu da. Arte garaikideko nazioarteko hainbat azokatan erakutsi ditu bere lanak: ARCO-n, VALENCIA ART-en, ARTE SANTANDER-en y DFOTO-n (Espainia), ART COLOGNE-n eta KUNST KÖLN-en (Alemania), KIAF-en (Seul, Korea), ArteBA-n (Buenos Aires, Argentina) eta BALELATINA-n (Basilea, Suitza); gainera hainbat museo eta erakunde publiko eta pribatutan ere erakusketak izan ditu: Eusko Jaurlaritzako Metal Preziatuen Laborategian, Arte eta Historiako Durangoko Museoan, Artium-en, Nafarroako Museoan, Huescako Arte eta Natura Zentroan, Zarautzeko Photomuseum-en, Bilboko Arte Ederren Museoan, Cuencako Diputazioan, Albaceteko Udal Museoan… beste batzuen artean. Erresuma Batuan, Frantzian, Alemanian, Portugalen, Belgikan, Korean, Argentinan, Suitzan eta Estatu Batuetan. Natura eta mendiarekin harremana izan du beti, eta eskalatzaile eta alpinista izan da. Bere jarduera handienak 80ko eta 90eko hamarkadan egin zituen. Atxarteko paretetan hazi zen eta igoera garrantzitsuenak Pirinioetan, Europako Pikoetan eta Alpeetan egin zituen.
Sinadura saioa BBK Salan egingo da abenduaren 19an, 11:00etan.
Hitzaldia BBK Salan egingo da abenduaren 19an, 11:30etan.
Ioritz Gonzalez (Azkoitia, 1980) Biologian lizentziatua da eta bi master ditu: Akuikulturan eta Bigarren Hezkuntza, Batxilergo eta Lanbide Heziketako Irakasleen Hezkuntzan. Osasun esparruan heziketa osagarria izan du eta gaur egun, Andoni Ormazabalekin batera, eskalatzaileen inguruko ikerketa bat egiten ari da, kirol honi lotuta zer lesio mota nagusitzen diren jakiteko.
Iraitz Ezkergain Alpe frantziarretan kokatuta dagoen Le Gravera joan zen bizitzera 2009an eta harrezkero eskiatzen ibili da gelditu barik. 55 graduko aldapetan eskiatzera ohituta dago, baita 4.000 metrotara eskiz egindako zeharbideak burutzera ere. 2012 Norvegian hasi zen mendi-gida moduan, eta orain urteko bost hilabete bertan ematen ditu, goi mendiko gida independente gisa lan eginez hainbat konpainientzat. 150 gailur baino gehiago ditu igota zeharbideko eskiekin eta 60 aldiz igo da ‘Stetind’ mendi norvegiarrera. Gailur horretara uiritsi da, bai estilo alpinoan, bai era tradizionalean.
Bere esperientzia kontatzeko ‘Iraitz, le basque de La Grave’ filmea grabatu du. Bilbao Mendi Film Festival-en proiektatuko da BBK Salan, abenduaren 14an, 19:30etan, sail ofizialetik kanpo.
Itxaso Diaz, Gallartan 1974. urtean jaiotako artista da. 1997an Ikus-entzunezko lizentziatura lortu zuen, Euskadiko Unibertsitatearen Arte Ederretako Fakultatean. Ordutik, hainbat argazki ikastaro egin ditu eta erakusketa ugarietan parte hartu du. Bere azken lanetako bat, eta Bilbao Mendi Film Festival-en aurkeztuko duena, Docu Yourself, ikus-entzunezko kolaborazio inspirazionalak proiektua da. Bertan, bere pasioa bere ogibide egin duen edota egoera berrietara egokitzeko borroka egiten duen jendea aurkezten da, beste batzuentzako eredu bihurtzeko. Bilbao Mendi Film Festival-en dokumental honen 8. Kapitulua ezagutuko dugu, Higinio Rivero protagonista duena.
Filma BBK Salan aurkeztuko da, abenduaren 17an, 17:00etan.
Jean-Yves Fredriksen, alpinista, parapentista eta goi-mendi-gidari frantziarra da. Blutch ezizenarekin ere ezaguna da, eta bere igoera eta espedizioetako filmeengatik lortu du arrakasta.
Jean Yves 1975ean jaio zen eta Frantziako ekialdean, Vosges-eko eskualdean hazi zen. Orain Abondance Haranean bizi da. Bertan, udan eskalada erakusten du eta mendi-espedizioak egiten ditu. Neguan, aldiz, eskia irakasten du.
Bere igoeren artean daude, besteak beste, Des papas bidea Dru mendian, Cervino-ko iparraldean irekitako Sebastien Gay bidea eta Alpeetako iparreko hiru aldeak, Grandes Jorasses, Cervino eta Eiger, parapentez eta oinez egin dituenak, beti bere biolinarekin.
Bere pelikula abenduaren 15ean proiektatuko da 17:00etan, BBK Salan.
Jerzy Porebski 1956ko otsailaren 28an jaio zen, Poloniako hegoaldeann, Bielsko-Bialan. Zuzendaria, idazlea eta mendiari buruzko filmen produktorea da. Esploratzaileak, alpinismoaren erronka handiak eta kultura eta historia dira gehien interesatzen zaizkion gaiak, baina batez ere, poloniarren historia Himalaian. 2008an gai horri buruzko 5 filmeko sail bat egin zuen, eta serie horretan Krzysztof Wielickiren Everesterako lehen igoera kontatzen duen ‘Everest warriors’ (Everesteko gerlariak) izan zen lan nagusia. 2013an Moskuko Vertical Film Festival-eko zuzendari onenaren saria irabazi zuen Kukuczka bere filmagatik, Bilbao Mendi Film Festivalen ere proiektatu zena.
1979an jaiotako Urnietako korrikalari hau Heziketa Fisikoan lizentziatua eta Mendi-lasterketetan aditua da. Mota horretako probetan parte hartzen du eta prestatzaile fisikoa da, baita Mendi-lasterketetako Euskal Selekzioko eta Ternua taldeko kide ere. Bestalde, 2009. urtean “Chaberton Marathon” delakoan (Trail-eko Munduko Kopan) lortutako garaipenak bultzatu zuen bere ibilbidea esparru horretan. Beste lorpen garrantzitsu bat erdietsi zuen Zegaman (Munduko Kopan) 2012an, bertan bosgarren postuan helmugaratu baitzen. Urte horretako “Marathon Montclam” (Sky Race-ko Munduko Kopa) proban garaile irten zen. Bere palmaresa garaipenez beterik dago: Arratzu Urdaibai, Mello Saria, Donostia-Hondarribia, Integral de Valdecebollas, Urnietako Mendi Lasterketa, Trail Montan Aspe, Boca del Infierno, Senpere Trail... Ezin da ahaztu Zegama-Aizkorrin markarik onena egin duen euskal lasterkaria dela: 3 h 59 min 11 s. Bere egungo erdiespen garrantzitsuena Munduko Kopan lortu du, Sailkapen Nagusian hirugarren geratu da eta. Aldi berean, Jokinek hainbat lasterkariren entrenatzaile gisa egin du lan urte askotan zehar. Euskal Selekzioko talentu gazteekin zein eliteko korrikalariekin lan egin du; munduan goi mailan dauden Manuel Merillas, Aritz Egea eta Jordi Gamitorekin, besteak beste.
Jon Herranz Getxon (Bizkaia) jaio zen 1980. urtean, eta internet eta EPIC plataformaren bitartez mundu osoan milaka erreprodukzio izan dituzten eskaladaren eta outdoor kirolen inguruko hainbat bideo zuzendu ditu. Gainera 'Panaroma', 'Novato' edo 'Restart' bezalako hainbat kirol-dokumental egin ditu. Bere azken dokumentalak, 'Panaroma'-k sari batzuk izan ditu dagoeneko; Sancandido-Innichen-eko Adventure Outdoor Zinemaldiko Grivel Golden Axe Pelikularik Onena, esaterako. Horrez gain hainbat zinemalditako sail ofizialerako onartu egin dute. 'Novato' bere laburmetraiak Mendiko 14 Nazioarteko Zinemalditan parte hartu zuen; Bilbon, Trenton, Vancouver-en, Graz-en, Hego Korean eta Kendal-en, besteak beste. Jon Herranzek gai sozialak jorratzen dituzten dokumentalak ere zuzendu ditu: 'Sikyong. La revolución política del 14o Dalai Lama', 'La plataforma' edo 'Flames'. Azken horrek Bartzelonako Zine eta Giza-Eskubideen Nazioarteko Jaialdian Pelikula Onenaren Saria lortu zuen. Bilbao Mendi Film Festival-en 'Panaroma' aurkeztuko du, bere azkenengo lana.
Filma BBK aretoan aurkeztuko da abenduaren 18an, 17:00etan.
Zinemagile eta eremu bertikaletako kameralaria. Kataluniako Telebistan eta TVEn aritu izan da irudi-operadore lanetan. Gaur egun, Filmut markarentzat ari da lanean, Redbull, North Face eta izen handiko beste zenbait markarentzako eskaladako filmak ekoizten. Pou anaien azkeneko jarduerak berak filmatu ditu. Hauek dira bere lanetako batzuk: ‘Com penjar-se’, ‘Demencia senil’, ‘Panaroma’, ‘Nit de bruixes’, ‘Indian Summer Festival’ eta aurten aurkeztuko digun pelikula: “Big Men”.
Pelikula BBK Salan aurkeztuko da abenduaren 18an 19:30etan.
Josean Mulas bergararra 20 urteko esperientzia duen eskalatzailea da. Eskaladako Euskal Federazioaren egungo hautatzailea da, baita teknifikazio zentroko zuzendaria ere. Patxi Usobiagaren entrenatzailea izan da eta orain Mikel Linazisororena, besteak beste. Euskal Herriko eskalada mugimenduaren eta Araotz gunearen bultzatzailetako bat izan da, non 'Los intrépidos Marañones' taldea sortu zuen.
Josep Manuel Anglada Bartzelonan jaio zen 1933an. Estatuko eskalatzaile ospetsuenetarikoa izan da, lehen espedizioetako bultzatzailea eta Espainako lehen alpinista ‘zazpimilako’ eta ‘zortzimilako’ bat egiten. Manchesterren Ikasi zuen eta bertan hasi zen espeleologia eta eskalada praktikatzen. Lehenetarikoa izan da bere eskaladei eta espedizioei buruzko ikus-entzunezkoak egiten. ‘Tanca’-ren asmatzailea da Jordi Ponsekin batera, eta biek ustiapen-lizentzia daukate. Sari, domina eta omenaldi ugari jaso ditu bizitza osoan zehar. Bere ibilbidea, bere istorioa eta bere gauzak egiteko moduagatik WOP Saria jasoko du aurten. Garaikur honek mendizaletasunaren giza-balioen defentsa eta transmisioa saritzen ditu: hobetzeko gaitasuna, esfortzua eta talde-lana; fideltasuna eta baikortasuna aldaketak lortzeko motor gisa; mendi, eskalada eta muturreko kirolekin lotutako ekintzak familiarekin uztartzen jakitea… Azken finean, mendiarekiko bizi-pasioa saritzen du.
Bilbao Mendi Film Festival-ek omenaldi beroa eskainiko dio BBK Salan, abenduaren 19an, 19:30etan.
Josu Iztuetak 1982 urtean autobus bat erosi zuen Sahara gurutzatzeko, eta harrezkero horri pegatuta bizi izan da bidaia bereziak eginez. 30 urtez Nairobitarra proiektuari esker 1.500 petsona baino gehiago eraman ditu Europa, Afrika eta Amerikatik. Groenlandian eskiatu du, Laponia eta Kalifornia bizikletaz egin ditu, Nilo, Baltiko eta Mediterraneoa piraguan zeharkatu ditu, eta soilik berak kontatu ahal dituen beste hainbat istorio bizi izan ditu. Berak definitzen duen moduan, “bidaia nondik norakoa baino gehiago da, kuriositatea, jakinmina, ilusioa, errespetua, komunikazioa eta ikasteko gogoak ere beharrezkoak dira.; hortik aurrera datorrena datorrela!”
'Biziminez' pelikula BBK Salan aurkeztuko da abenduaren 12an, 17:15etan.
Joxe Ramon Agirrek (Ataun 1959) beti izan du harreman hurbila mendiarekin. 1995tik dabil ikusentzunezkoan lanean. Beti bidaia eta mendiarekin lotutako hainbat dokumentalen errealizatzailea izan da. TVEko “Al Filo de lo imposible” saioan egin du lan, eta Euskal Telebistako “Operación Pirineos” programa diseinatu eta gidatu du. Giza laguntzan ere diahardu du: Nepaleko mendebaldean kokatzen den Dolpo eskualdean dagoen Kakkot herrian. Bertan, Amezketa eta Ataungo udaletxeen dirulaguntzari esker, herriko etxeetan eta eskolan eguzki plakak jarri eta argia izateko lanak gauzatu ditu. Alpinista moduan ere oso ibilibide luzea du; Everest, Kilimanjaro, Aconcagua, Makalu II mendiak eta Broad Peak-eko gailur zentrala igo ditu, besteak beste. Azken bietatik parapentez egin zuen salto.
Pelikula BBK Salan aurkeztuko da abenduaren 19an, 15:00etan.
Bere kasuan, alpinismoa ia herentzia genetikoa da; izan ere, aita, Ángel, 1970eko hamarkadan Everestera egin ziren lehen espedizioetako kide izan zen. Goimendietako bide horretan, 14 zortzimilakoetatik bederatzi igo ditu, baina beti eutsi dio harkaitzeko eta izotzeko eskaladari, Euskal Herriko alpinista sendo eta indartsuenetako bat izateraino. Patagoniatik Himalaiara, mundu osoko horma garrantzitsuenak tartean, bere curriculum oparoak jarduera on ugariren distira erakusten du. Bere indar eta eskarmentuari esker, sokakide ezin hobea da, egoera zailtzen eta gogortzen hasten denean denek ondoan eduki nahiko luketena. Suhiltzailea da lanbidez, baina eszedentzian dago 1999tik, eta bere asmoa da alpinista erretiratzea. Bilbao Mendi Film Festival-era dator Chamlang-era egindako espedizioa kontatzen duen pelikularen protagonist gisa. Udazken honetan, urriaren 19an, Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza alpinistek eta Juanjo Otazu kameralariak osatutako WOPEAK espedizioa Nepalgo mendi horren tontorrera heldu zen.
Pelikula BBK Salan aurkeztuko da, abenduaren 19an, 19:30etako saioan.
Karen Solé Hughes emakume polifazetikoa da inon halakorik bada, eta bere proiektuak gorpuzteko fase guztietan aritzen da bihotz-arima: errealizazioan, muntaketan eta edizioan. Duela 8 urte lizentziatu zen Ikus-entzunezko Komunikazioan, Bartzelonako Ramón Llull Unibertsitatean, eta harrezkeroztik askotariko lanak egin ditu: film laburrak, ’40 grados’ esaterako (Sitgesko jaialdirako hautatua), publizitate-iragarki ugari, musika-bideoklipak, multimedia piezak eta dokumentalak, hala nola ‘Xesco Boix. Vull ser lliure’ eta ‘The Gospel X-perience’... denetarik. Hala, bere sormen guztietan esparru askotako sinergiak batzen ditu eta aldi oro ikuspegi original eta berezia ematen die beren lanei, genero askotan jardutearen poderioz bestelako ikuspuntu bat duelako, edizioa izugarri menderatzen duelako eta, modu horretara, ekoizpen-formula berrietan menturatzeko jakintza eta adorea duelako. Honakoa ez da lehen aldia Karenek WOP proiektuarekin kolaboratzen duena. Iaz '2T on Paiju Peak' aurkeztu zuen Bilbao Mendi Film Festival-ean eta aurten '2T on Chamlang' dakarkigu.
Pelikula BBK Salan aurkeztuko da abenduaren 19an, 19:30etan.
Laurence Fleury komunikabide mota askotan lan egiten duen kazetari independentea da: aldizkari espezializatuak, eskualdeko prentsa, prentsa instituzionala eta komunikabide digitalak jorratu ditu. Idazteaz gain, argazkigintza eta bideogintza maite ditu, eta 20 urte baino gehiago daramatza sektorean. Bere burua “lekuko” bezala deskribatzen du, “egiten dudan bidaia bakoitzean, munduan zehar ikusten dudan izkina bakoitzean, aurkitzen ditudan pertsonen egunerokoa ezagutu eta entzuten dut, gero ikusten dudan hori guztia kontatzeko”. Bere pasioak mendia eta bidaiak dira, eta Bilbora iritsiko da bere filmetako bi aurkeztera: “Guide a tout prix” eta “Des Brebis et des femmes”.
“Guide a tout prix” BBK Salan aurkeztuko da abenduaren 16an 17:00etako saioan.
“Des Brebis et des femmes” BBK Salan aurkeztuko da abenduaren 17an 17:00etako saioan.
Eskiatzaile goiztiarra, 21 urteko donostiarra bi urterekin hasi zen eskiatzen eta bost zituenean Eski Alpinoan hasi zen txapelketetan parte hartzen. Zazpi urterekin Snowboardera pasatu zen eta 15ekin Espainiako Snowboard lehiaketetara aurkeztu zen, oso emaitza onak lortuz. Horren ondorioz Boardercross-eko talde nazionalarekin hasi zen entrenatzen. Modalitate horretan nabarmentzea asko kosta zitzaion arren, ez zuen amore eman eta atsedenik gabe entrenatzen jarraitu zuen, 2012an Europako zirkuitua irabaziz, saria eskuratu zuen arte. Hortik aurrera emaitza hobeak izan ditu eta aurten Snowboard-eko munduko txapelduna izan da. “Gigantes Paralelos” pelikulak ametsak lortzeko bere eguneroko borroka erakusten du.
Pelikula BBK Salan aurkeztuko da abenduaren 16an 17:00etan.
Snowboard-eko lehen mailako txapelketetan hainbat urtez parte hartu ondoren, 25 urteko Lucas Saézek, eliteko kirolari moduan ikasitako kontzeptuak, enpresa-mundura eramanez, praktikan jartzea erabaki zuen. Harrezkero hainbat markaren publizitate kanpainetan dihardu.
Marketingaren zale amorratua izanik, beti erronka berrien bila dabil. Gauzek nola funtzionatzen duten jakitea gustatzen zaio, eta gehien bat, nola hobetu dezaketen jakin nahi du.
Bilbao Mendi Film Festival-era iritsiko da bere azken bideoa, “Gigantes Paralelos”, aurkezteko.
Pelikula BBK Salan aurkeztuko da abenduaren 16an 17:00etan.