
MENDI TOUR, Mendi Film nazioarteko jaialdiko film onenen zirkuitu ibiltariak 9.300 ikusle bildu ditu Neguko denboraldian, urtarriletik martxora bitartean, 21 hiri eta herritan eskainitako 50 zine saioetan. Marka itzela da, mendiko zinemagintzaren indarraren eta Mendi Filmen eskaintzak duen kalitatearen erakusle.
Mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiak jorratzen dituzten pelikulak eskaintzen dira, iazko BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdian sarituak izan edo nabarmendu zirenak. ‘Harri, Orri, Arkatz’, ‘Izarren Zaunka’, ‘Aldabide’ edo ‘Sustraiak, Raíces perdidas’ bezalako tokiko pelikulak, nahiz nazioarteko jatorria duten ‘K2 Mon Amour”, ‘Trango’, ‘Cantos y Flores’, ‘Into Altai’, ‘Le Moulin des Artistes’ edota ‘Old Man Lightning’, ikusleentzat gozagarri eta inspiratzaile bihurtu dira.
Mendi Tourra egonkortuta dago hainbat tokitan: Tolosako Leidorren 16.edizioa bete da (1.600 ikusle), Donostiako Antzoki Zaharrean (800 ikusle) eta Leioako Kultur Leioan (320 ikusle) 15. edizioa, Gasteizen 14. edizioa Vital Fundazioaren Arkabia zentroa estreinatuz (1.350 ikusle), Igorreko Lasarte Aretoan 13. edizioa (315 ikusle), eta Iruñeako Golem zinemetan 8 saio eskaini dira (1.600 ikusle). Euskal Herritik harago, Galizian (Vigo), Gaztela eta Leonen (León, Salamanca, Valladolid eta Burgos), Valentzian (Canet d’en Berenguer), eta Katalunian (Vielha e Mijaran) aurten ere egin dira saioak.
Udaberri sasoirako, Apirilean eta Maiatzean beste 10 egoitza dauzka lotuta Mendi Tourrak:
Apirila
9-10 HONDARRIBIA | Itsas Etxea | 19:00
16 ZALDIBAR | Liburutegi Zaharra | 18:30
17 AZKOITIA | Baztartxo Antzokia | 19:00
23 AGURAIN | Harresi Aretoa | 19:00
Maiatza
7 LAGUARDIA-BIASTERI | Antonio Mijangos Kultur aretoa | 19:00
12 ARRASATE | Amaia Antzokia | 19:00
15 MURGIA | Kultur Etxea | 19:00
21 eta 28 ZARAUTZ | Modelo Aretoa | 19:00
22 TEROR (Kanaria Handia) | Auditorio de Teror | 20:00
27 eta 29 CAMARGO | Centro Cultural La Vidriera | 20.00
Eta Udazkeneko denboraldiko egutegia ere osatzen ari gara. Irailetik azarora bitartean beste 20 bat Mendi Tour egoitza batuko dira.
Segidan etorriko da urteko hitzordu nagusia: BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiaren 19. edizioa abenduaren 4tik 13ra ospatuko da.




















