Orri honek cookiak erabiltzen ditu zure hizkuntza konfigurazioa gordetzeko besteak beste. 

Leioa Mendi Tour 2017_PO

Leioa, 2017ko apirilak 24. Bilbao Mendi Film Festivaleko filmik onenez eta txalotuenez gozatzeko aukera ematen duen Mendi Tourra seigarrenez egingo da Leioan, apirilak 26 eta 27an, asteazkena eta osteguna. Mendia, abentura eta natura uztartzen dituen filmagintza du ardatz BMFF-ak, eta hiriz hiri eta herriz herri aurkezten da Mendi Tourraren bidez. 2017a urte berezia da gainera, hamargarren edizioa beteko baitu Mendi Film Festivalak, abenduaren 8tik 17ra, Bilbon.



Leioako Udalak, Kultur Leioak eta Leioa Mendi taldeak babestu dute beste behin Mendi Tour hau, eta Zineuskadik lagundutako ekitaldia da. Kultur Leioa auditoriumean eskainiko dira filmak, guztira sei lan, BMFF 2016ko palmaresean ageri diren lau, tartean Freedom Underload saritu nagusia. 19:30ean hasi eta bi orduko iraupena izango dute saioek. Egun bakoitzeko sarrerek 3na euro balio dute, eta bi egunetako bonoak 5 euro balio du.

Egitaraua:

Apirilak 26 asteazkena

Boys in the Bugs
BMFF 2016 Eskaladako Film Onena

2016, AEB, 18 min

Zuzendariak: Zachary Barr, Peter Motimer eta Nick Rosen

Ekoizpena: Zachary Barr, REEL ROCK

VO: en SUB: es/eu

Matt Segal eta Will Stanhope hamarkada batez ari dira munduko arrakala zailenak eskalatzen. Orain Bugaboo mendietara joko dute mailaz kanpoko arrakala bat eskalatzeko; estua oso, hatz puntak baino ez dira sartzen haietan. Haien bizitzak aldatuko dituen urteetako bilaketa epikoaren abiapuntua da.


Dodo's Delight
BMFF 2016 Kirola eta Abentura Film Onena

2016, AEB, 28 min

Zuzendariak: Sean Villanueva-O'Driscoll, Josh Lowell, Nick Rosen eta Peter Mortimer

Ekoizpena: Reel Rock

VO: en SUB: es/eu

Sean Villanueva, Nico Favresse, Olivier Favresse eta Ben Ditto sekula egin duten espediziorik handienean murgilduko dira Groenlandiako eta Baffin irlako hormen bila. Dodo's Delight belaontzia dute garraiobide eta bizileku. Itsas astinduak, jausten diren haitzak eta izozteko moduko tenperaturekin, abenturazale banda xelebre honek eskalada bide berriak zabalduko ditu, haien bizitzako unerik onenak biziz aldi berean.


Blocheads

2016, Erresuma Batua, 58 min

Zuzendaria: Alastair Lee

Ekoizpena: Posing Productions

VO: en SUB: es/eu

Erresuma Batuko boulderraren urrezko aroaz ari da lan hau, Blocheads direlakoez, giza gaitasunaren mugak gainditzeko erronkari eutsiz lerro berrien bila aritzen diren blokeroak. Abenturak, haitzezko pasioak, eta hatz mutanteak uztartzen dituen istorio bat da, urrearen bilaketa boulderrean.


Apirilak 27 osteguna


Annapurna III-Unclimbed

2016, Austria, 12 min

Zuzendaria: Jochen Schmoll

Ekoizpena: Red Bull Media House

VO: en/ger SUB: en/es

David Lamak Hansjörg Auer eta Alex Blümel alpinistekin 2016an Himalayara eginiko espedizioari buruzko lana. Alpinismoak egun duen erronkarik handienetakoari aurre egingo diote, Annapurna III-ren hegoekialdeko ertza eskalatzea. Langintza horretan taldekideek jasaten duten nekea, antsietatea eta kalbarioa erakusten ditu filma honek.


Freedom Under Load
BMFF 2016 Sari Nagusia

2016, Eslovakia, 58 min

Zuzendaria: Pavol Barabas

Ekoizpena: K2 Studio

VO: slk SUB: es/en

Tatras mendietako zamaketarien azken belaunaldiari buruzko lana. Zergatik hautatu zuten bizimodu hori, eta zergatik jarraitzen dute Europako azken Mohikanoak izaten. Eta bide batez, baliteke gutako bakoitzak soinean daramagun zamaz zerbait deskubritzea.

Jean Troillet, toujours aventurier
BMFF 2016 Ikuslegoaren Saria

2016, Suitza, 54 min

Zuzendaria: Sébastien Devrient

Ekoizpena: Vertiges Productions

VO: fre SUB: en/es

Jean Troilletek haren bizitzaren errepasoa egingo du: 50 urte alpinismoari emana, 40 urte espedizioak eginez, 30 urte Himalayan 8.000 metrotik gora eskalatuz,... 27 gonbidatu agertuko dira ezustean, bisita egingo diote, anekdotak kontatuko dituzte, barre egingo dute, isiltasun uneak egongo dira, eta guztia uztartuz gizaseme libre eta gartsu baten iragana ezagutuko dugu, artean, 68 urterekin, berdin jarraitzen duena.



Mendi Tourrari buruz
Bilbao Mendi Film Festivalaren ekimena da, mendia eta abenturari buruzko nazioarteko zinema jaialdia. 2016ko abenduan egin  zen azken edizioko pelikula onenen bilduma da MENDI TOURa, bateko eta besteko aretoetan eskaintzeko tentuz hautatutako bilduma. Bilbao Mendi Film Festival urteroko hitzordua izan ohi da, eta mendiko zinemagintzako ekoizpenik onenak biltzen ditu bere zentzu zabalenean: eskalada eta alpinismoaz batera, muturreko kirolak, eskia, natura, ingurumena, etnografia... hartzen ditu aintzat.
 
Aipatu azken edizioan, BMFFak 21 herrialde desberdinetatik zetozen 150 lan jaso zituen eta haietatik 39 hautatu ziren saio ofizialerako.
 
9.000 ikusletik gora bildu ziren BMFFean iaz. 

Sponsors

Erakundeak / Instituciones / Institutions

Everest

K2
 

Aconcagua
           

Ama Dablam

Cervino

Media Partners
 

© 2019 Bilbao Mendi Film Festival. Web by McArra. About Cookies