Orri honek cookiak erabiltzen ditu zure hizkuntza konfigurazioa gordetzeko besteak beste. 

Bernadette McDonald-ek ‘ESCALADORES DE LA LIBERTAD’ liburua aurkeztuko du

Lekua: BBK sala

Noiz: 2015/12/12, 12:30

Ingeles literaturan eta musikan lizentziatua, Bernadette McDonald azken urteetako mendi literaturan erreferente handia da. Mendiari buruzko mendizaletasunari eta mendiko kulturari buruzko zortzi liburu idatzi ditu, horien artean, 'Freedom Climbers' izenekoa. Hainbat sari jaso ditu, besteak beste, Boardman Tasker Prize for Mountain Literature eta Banff Mountain Book Festival delakoa. Bernadettek liburu horren gaztelaniazko itzulpena, ‘Escaladores de la libertad’ aurkeztuko du Bilbao Mendi Film Festival-en.

MENDI-LIBURUEN EGILEEKIN SOLASEAN

Lekua: BBK Salaren atondoa

Noiz: Abenduaren 19an, 11:00

Bilbao Mendi Film Festival-eko zortzigarren edizioak literaturari eta mendiko liburuei irekiko dizkio ateak, egileek eta irakurleek topo egiteko gune bat eskaintzeko. BBK Salan 2015eko nobedadeak ezagutzeko, egileekin solas egiteko eta euren sinadurak lortzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

JARDUNALDI IREKIA PIUGAZ-en

Lekua: PIUGAZ eskalada zentroa (Zorrozaurre, Olagorta 25, Bilbao)

Noiz: 2015/12/20, 11:00-15:00

Eskalatzea gustatuko litzaizuke? PIUGAZ eskalada zentroak eta Bilbao Mendi Film Festival-ek kirol hau probatzeko aukera emango dio publiko orokorrari, 4 urteko umeetatik 70 urteko helduetara, abenduaren 20an (11:00etatik 15:00ak arte). 200 pertsonarentzako edukierarekin, zentroak bere ateak dohainik irekiko ditu, eta ume eta gazteentzat jarduera bereziak eskainiko ditu. Gure webgunearen bitartez izena eman (www.mendifilmfestival.com), arropa erosoa eraman… eta gozatu! Hori baino ez da behar. Gainera izena ematen duten 16 urtez azpiko lehenengo 100 gazteei kamiseta bat oparituko zaie.

Izenematea beteta

'ERRONKA' Eneko Atxa eta Alberto Iñurrategirekin

Lekua: BBK Sala 

Noiz: 2015/12/12, 11:30

Euren esparruetan handiak diren bi profesional, Eneko Atxa sukaldaria eta Alberto Iñurrategi alpinista, era berezian mintzatuko dira eta oso ondo ezagutzen duten gai bati buruz hitz egingo digute: 'ERRONKA'

Biek hainbat desafiori aurre egin behar izan diete. Zornotzako Eneko Atxa chef-ak  gastronomian bide egiteko, bere Azurmendi jatetxea ireki eta hiru izar Michelin irabazi arte. Alberto Iñurrategi Aretxabaletako mendizaleak 14 ‘zortzimilakoak’ igotzen hamargarren alpinista izateko. Zenbakiei baino gehiago estiloari ematen dio garrantzia Albertok. WOPeak erronka berria da mendizaleak maite duen estilo alpinoaren azken isla.

Biek solasaldi interesgarrian erakutsiko digute nolakoa izan den bikaintasunaren euren bilaketa. 

ADAM ONDRAREN HITZALDIA: ‘Slideshow – eskalatzaile baten bizitza’

Lekua: Sala BBK

Noiz: 2015/12/12, 19:30

Adam Ondra, egungo munduko txapelduna, Brno-n (Txekiar Errepublikan) bizi da eta han hasi zen eskalatzen. Etxetik gertu izan zituen hastapenei buruz hitz egingo digu, baita eskalatzeko gogoko dituen beste leku batzuei buruz ere; esaterako, Flatanger, Norvegian.  Granito perfektuzko kobazuloa da. Adamek bertan egin zuen 9b+ lehen bidea, “Change” (Aldaketa), eta bertan prestatu zituen beste maila batean dauden proiektuak, gero horiek aurrera eramateko ahul sentitu zen arren. Orduan Patxi Usobiagarekin jarri zen harremanetan eta “benetan” entrenatzen hasi ziren Munduko Txapelketa irabazten saiatzeko eta Adamek eskalatzaile gisa bilakaera izan zezan. Nolakoa da Patxirekin entrenatzea? Nolakoak izan dira azken bi urteak lehiaketan? Ez da mintzatuko bideen zailtasunaren inguruan soilik, eskaladak zoriontasuna eta askatasuna ematen dizkiola ere kontatuko digu. Eskaladak bizitza aldatu zion, hobera, eta bere hitzaldira joango den jendearen bizitza ere aldatzea espero du Adamek.    

WOPEAK PELIKULAREN ESTREINALDIA: '2T on Chamlang'

Lekua: Sala BBK

Noiz: 2015/12/19, 19:30

2015, Espainia, 30 min

Zuzendaritza: Karen Solé Hughes

Produkzioa: Walk on Project Fundazioa (WOP)

Gonbidatuak: Alberto IñurrategiJuan VallejoMikel ZabalzaKaren Sole, Mikel Renteria

Bilbao Mendi Film Festival-ek primizian estreinatuko du Karen Sole Hughes-ek zuzendutako eta Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza alpinistek, eta Juanjo Otazu kameralariak udazken honetan Chamlang-era egindako igoerari buruzko filma. WOPEAK espedizioa Nepalgo mendiaren gailurrera iritsi zen urriaren 19an, kontrako eguraldi iragarpena izan zuten arren, eta tontorra erdiesteko erasoa ekiditea iradokitzen zuten hotz ikaragarriari eta haizeteei aurre egin behar izan zieten arren. 


IMANOL MARRODANEN HITZALDIA: 'Anboto, mundu higikor baten irudia'

Lekua: Sala BBK 

Noiz: 2015/12/19, 11:00

anboto.airplace.org

Imanol Marrodan artista eta argazkilariak 'Anboto' gerturatuko digu, liburu formatua hartu duen argitalpena, bost urte baino gehiago iraun dituen esplorazio baten emaitza. Liburua egiteko mendiaren eta bere ingurunean hainbat sormen-lan burutu ditu Marrodanek. Artea eta natura erlazionatzen ditu eremu natural enblematiko honen hainbat ikuspegi sustatzeko. Bidaia eta hurbilketa garraio gisa, artistak argiaren aztarna erabiltzen du espazioaren edo paisaiaren forman aldaketak edo naturaren egoera ezberdinak islatzen dituzten modulazioak kartografiatu eta inbentariatzeko. Azken planoan uzten du gizakiaren presentzia eta bere begirada jartzen du “figurarik gabeko” paisaian. Era honetan paisaia eta mendi hau, Anboto, berriro behatu ahal izango dugu hain ezaguna ez den alde misteriotsuan arreta jarrita.  

PANEL TALK: 'GIDARIEK HARTZEN DUTE HITZA'

Lekua: Sala BBK

Noiz: 2015/12/15; 19:30

Arku alpinoan hainbeste errespetatzen den eta ehun urtetik gorako tradizioa duen mendi-giden lanbideak Pirinioen hegoaldean ezezaguna izaten jarraitzen du. Badakigu benetan gida bat kontratatzeak zer ematen digun? Nolakoak dira gida baten eta laguntzen dituen pertsonen arteko harremanak? Goraka doan konkurrentziak nola eragiten du mendian lan egiten duen profesional baten egunerokoan? Ba al dakigu gida batek, gurekin batera joateaz gain, mendia ezagutzera laguntzen digula? Christian Ravier, Simon Elias eta Oscar Gogorzaren eskutik ezagutuko ditugun bitxikeriek, bizipenek, hainbat motatako mendigunetan gida gisa izandako esperientziek, aitorpenek eta hausnarketek ezaguna izatea merezi duen ogibide baten zirrikitu guztiak erakutsiko dizkigute.

MENDI TALK: 'JUGANDO A ESCALAR' proiektua

Lekua: Sala BBK

Noiz: 2015/12/13

Mendi Talk-ak 

Formazio eta dibulgazio hitzaldiak dira, eta nazioarte mailako, curriculum zabaleko eta ospe handiko profesionalek eskaintzen dituzte. Ikusleen parte-hartzea bultzatuko duten tailerrak dira; bertaratzen direnek komentarioak eta galderak egin ahal izango dituzte zuzenean.

'Jugando a escalar' (Eskalatzera jolasten)

Dani Salas

Dokumalia Producciones-en 'Jugando a escalar' (Eskalatzera jolasten) proiektu dokumental berriak bost eskalatzaile gazteren talde batek bizi dituen abenturak kontatzen ditu. Protagonistek euren ikasketak eta ume gisa duten eguneroko bizitza eliteko eskalatzaileek duten bizitzarekin uztartu behar dute. Dani Salas zuzendariak proiektua zertan datzan eta nola garatu den azalduko digu.

Andoni Esparta

Gainera, proiektuaren hirugarren grabaketa Euskal Herrian egin dute: Diman, Durangaldean eta Baltzolako koban. Andoni Esparta, Bilbon jaio zen 14 urteko eskalatzaile trebea, izan dute protagonista. Gaur egungo zailtasun eskaladan erreferente bilakatu da jada. Gurekin izango da, bere aitarekin batera.

MENDI TALK: NATIONAL GEOGRAPHIC bekak eta proiektuak

Lekua: Sala BBK

Noiz: 2015/12/13, 11:30

Mendi Talk-ak

Formazio eta dibulgazio hitzaldiak dira, eta nazioarte mailako, curriculum zabaleko eta ospe handiko profesionalek eskaintzen dituzte. Ikusleen parte-hartzea bultzatuko duten tailerrak dira; bertaratzen direnek komentarioak eta galderak egin ahal izango dituzte zuzenean.

National Geographic

Rebecca Martin (National Geographic-eko Espedizio Kontseiluaren Zuzendari Exekutiboa)

Rebecca Martinek esplorazio eta proiektuen bekak kudeatzen ditu, eta talentu berrien, erakundeen eta hedabideen artean bitartekari lanak egiten ditu aukera berriak sortu ahal izateko. Bi beka aurkeztuko ditu: 'The Young Explorers Grants Program' eta 'Expeditions Council'. Zuzendaritzan daraman denboran, 600 proiektu baino gehiago ikuskatu ditu, guztira 20 milioi dolar banatu dituztelarik.

Eñaut Izagirre (National Geographic-en beka lortu du)

Eñaut Izagirre elgoibartar gazteak, BMFF-aren laguntzarekin, National Geographic-eko beka jaso eta bere esperientzia adibide gisa jarriko du. 'INCOGNITA PATAGONIA' proiektuak batzen ditu esplorazioa, eskalada, bertako glaziarren ezaguera, kartografia eta ikerketa historikoa. Hego Amerikako hego muturrean (Hoste uhartearen mendebaldeko ertzean) dagoen Cloue izotz-eremua esploratu eta zeharkatzea du helburu.

WOP FUNDAZIOA SARIA 2015: Josep Manuel Anglada

Lekua: Sala BBK

Noiz: 19/12/2015, 19:30

BMFF-k omenaldi beroa eskainiko dio 2015eko WOP Sariaren bitartez Josep Manuel Angladari. Katalana 50. hamarkadako alpinismoaren abangoardia izan zen, eta Ordesan, Montserraten eta Pedraforcan hainbat bide irekitzeaz gain, hainbat gailur birjin erdietsi zituen Andeetan, Groenlandian, Hindu-kushen… Gainera, Yosemiten ibilbide zail bat egin zuen lehen europarra izan zen. 82 urte dituela, mendira joaten jarraitzen du emakumeen alpinismoan aitzindaria izan zen bere emazte Elisabeth Verges-ekin. Jaialdiak bertan izango ditu biak, XX. mendeko alpinismoaren historiako protagonistak.    

 

'KARAKORUM' ARGAZKI ERAKUSKETA

Argazkilaria: Mikel Alonso

Lekua: Sala Rekalde

Noiz: 2015/12/03 – 2016/01/10

Erakusketa osatuko duten 30 bat argazkiek, horietariko batzuk formatu handian, Hushe bailarako jendearen bizitza erakusten dute. Haranean 30.000 pertsona inguru bizi dira, Hushe ibaiaren ertzetan zehar sakabanatuta dauden herrixketan. Herri horiek munduko “zortzimilako” batzuetara heltzeko igarobideak dira. Mikel Alonso bilbotarrak etxe, kale eta eskoletan ateratako emakume eta neskatoen argazkiak jasotzen ditu erakusketan. Baltistan Fundazioko boluntarioekin batera bidaiatzen du, zeinak urteak daramatza genero berdintasuna sustatzen.

ARGAZKI ERAKUSKETA: 'CVCEPHOTO' nazioarteko lehiaketaren irabazleak

Lekua: Metro Bilbao

Geltokiak: Santutxu, Indautxu, Deusto eta Portugalete

      - Noiz: 2015/11/9 - 2015/11/30       

Geltokiak: Casco Viejo, Abando eta Moyua

     - Noiz: 2015/12/1 - 2015/12/31    

Aurten CVCEPHOTO-n, Donostiako Club Vasco de Camping mendizale elkarteak antolatutako nazioarteko lehiaketan, gailendu ziren argazkiek Bilboko Metroko geltokiak jantziko dituzte. Petr Piechowicz, Fredrik Schenholm eta Paul Bride bezalako argazkilari ospetsuek lortutako 19 irudi ikusgarriek mendia, natura eta bertan praktikatzen diren jarduerak era harrigarrian erakutsiko dizkigute.

Sponsors

Erakundeak / Instituciones / Institutions

Everest

K2
 

Aconcagua
           

Ama Dablam

Cervino

Media Partners
 

© 2019 Bilbao Mendi Film Festival. Web by McArra. About Cookies