Orri honek cookiak erabiltzen ditu zure hizkuntza konfigurazioa gordetzeko besteak beste. 

Maiatza loretsua: 10 Mendi Tour Gipuzkoan, Bizkaian eta Huescan

Mendia, muturreko kirolak, abentura eta natura gaiei buruzko zinemagintza moda-modan dago. Publikoak garbi dauka: inspirazioa bilatu nahi du, emozioak, eta besterengan islatuta aske eta bizi sentitu. Pelikula onak nahi ditu jendeak, eta Mendi Film jaialdiaren Mendi Tour zirkuituan aurkitzen du hori: 2019an, jada, 8.400 ikuslek jo dute Mendi Tourrak Euskal Herria eta Espainia osoan izan dituen 24 zine saioren batetara.

Maiatza intentsua izango da ildo horretan: 10 geltoki izango ditu Mendi Tourrak, mendiko pelikulen zaleentzat eta orobat kalitatezko zinema estimatzen dutenentzat, eskaintza paregabea. Gipuzkoan, Donostia, Orona Fundazioaren Hernaniko Ideo gunea, Urnieta, Zarautz, Arrasate, Azpeitia eta Orio; Zaldibar eta Balmaseda, Bizkaian; eta Monzón, Huescan.

DONOSTIA maiatzak 8 eta 9, Antzoki Zaharra

ORONA FUNDAZIOA (Hernani) maiatzak 8, Orona Ideo

ZALDIBAR maiatzak 9 eta 16, Liburutegi zaharra

URNIETA maiatzak 10, Sarobe Arte Eszeniko Gunea

ZARAUTZ maiatzak 16 eta 23, Modelo Aretoa

ARRASATE maiatzak 21, Amaia Udal Antzokia

AZPEITIA maiatzak 23, Soreasu Antzokia

ORIO maiatzak 24, Kultur Etxea

BALMASEDA maiatzak 28 eta 31, Klaret Antzokia

MONZÓN maiatzak 31, Cine Victoria

Nazioarteko pelikularik onenak eskainiko dira bertan, guztiak iazko Bilbao Mendi Film Festivalen Sail Ofizialean parte hartutakoak, eta tartean sari garrantzitsuak irabazi zituztenak: The Dawn Wall, Viacruxis, Age of Ondra… Inspirazioz betetako istorioak, irudi eta akzio ikusgarriak, argazkilaritza bikaina, eta gidoi landuak. Mendifilm nazioartean izen handiko jaialdia da eta zuzendari nahiz ekoiztetxe puntakoenak bertan biltzen dira urtero, abenduan egiten den 10 eguneko bilkuran, beren lanik berrienak aurkeztuz.

Mendi Tour: Donostia eta Orona Fundazioa Hernanin

Donostiako eta Orona Fundazioko Mendi Tourrak izango dira maiatzeko lehenak. Donostiako Club Vasco de Camping Elkartearen eskutik antolatzen dira bi egoitza hauetako saioak. Mendifilm eta CVCE elkarlan oparoan ari dira hainbat urtez, bai Mendi Tour zirkuituan eta baita CVCEPHOTO mendiko jardueren nazioarteko argazkilaritza lehiaketaren zabalkundean ere; lehiaketa horretatik atera ohi da Mendifilm-eko kartel ofiziala. Kultur eragile aktiboak diren bi elkarte, mendiko kultura sustatzeko uztarri berean ari direnak.

Donostiako Antzoki Zaharrerako sarrerak, 6na euroan, antzokiko leihatilan edo CVCE-ko egoitzan eros daitezke. Bestalde, Orona Fundazioren eskutik, Ideo guneko emanaldia doakoa izango da baina sarrerak erreserbatu egin behar dira aldez aurretik ondoko telefonora deituz: 943 33 55 88. Orona Ideon, goizeko saio bat ere eskainiko da, alor akademikoari zuzendua, izan gune horretan bertan aritzen diren ikasleei nahiz gazteei zuzendua bereziki.

The Dawn Wall izango da bietan filma izarra. Tommy Caldwell munduko big wall edo horma handietako eskalatzailerik onena da protagonista, Hollywoodeko gidoi onenen parekoa da haren bizitza eta ibilbidea, eta hori erakusten du filma inspiragarri honek.

Iragan abenduan Mendi Film jaialdia zabaldu zuen filma honek, 1600 ikusleren aurrean, Euskalduna Jauregian, eta Tommy Caldwell bertan zela –Peter Mortimer zuzendariarekin batera-, aurkezpena egiteko. Mendi Filmen 11. edizioko sari nagusietako bat, Epaimahaiaren Saria, jaso zuen, eta aurkezpen egunean publikoa zutik jarri zuen, txaloka eta bibaka, magiaz betetako gau batean. Eta 2019an Mendi Tourreko harribitxia da, formatu handian ikusi eta gozatzeko aukera paregabea, eta esklusiboa Espainia osoan.

Berezia izango da, baita ere, The Search for the Wooo filmaren Orona Fundazioko emanaldia. Filma horren protagonista David Lama alpinista da: duela bi aste Kanadan elur jausi batean hil ziren bera eta Hansjörg Auer eta Jess Roskelley. Mendifilmekin eta Euskal Herriarekin erlazio berezia zuen oso alpinista austriarrak, eta baita Hansjörg Aurrek ere, eta Orona Ideoko emanaldiak omenaldi kutsua izango du haien hiruen izenean.

Horiez batera, filma zoragarriak eskainiko dira: stop-motion teknikaz alpinista bihurtutako txotxongiloak, Adam Ondra eskalatzaile bikainaren soslaia, Liv Sansoz alpinista eta eskiatzaile adoretsuaren Alpeetako erronka, eta Tokyo 2020an kirol olinpikoa izango den eskaladako berrikuntza nagusiaren azterketa: abiadura eskalada.

Filma guztiak jatorrizko bertsioetan eta euskarazko nahiz gaztelaniazko azpidatziekin lagunduta, detailerik ez galtzeaz batera filmen esentzia osoa mantenduz.

 

Sponsors

Erakundeak / Instituciones / Institutions

Everest

K2
 

Aconcagua
           

Ama Dablam

Cervino

Media Partners
 

© 2018 Bilbao Mendi Film Festival. Web by McArra. About Cookies