Orri honek cookiak erabiltzen ditu zure hizkuntza konfigurazioa gordetzeko besteak beste. 

Bilbao Mendi Film Festivalaren bederatzigarren ekitaldian 49 filma proiektatuko dira eta nazioarteko 40 gonbidatutik gora bilduko dira

  • Abenduaren 9tik 18ra egingo da Mendifilm, Bilboko hainbat gunetan, eta abonuak agortu dira jada

  • Bost lagunek osatuko dute nazioarteko epaimahaia: Jon Garaño donostiarra, Pawel Wisoczanski poloniarra, Helios Gracia frantziarra, Silvo Karo esloveniarra eta Billy Choi korearra

  • Sir Chris Bonington alpinista beteranoa omenduko du bederatzigarren edio honek, eta alpinismoaren balioen defentsa eta transmisioa hobesten dituen WOP Fundazioa Saria jasoko du haren ibilbideari aitortza gisan

  • Bina Shah idazle pakistandarrak, bere lurraldean emakumeen eskubideen aldarrikatzaile sonatua bera, hitzaldia esakiniko du Baltistan Fundazioarekin batera antolatu den ekitaldian

  • Alex Txikonek eta Ali Sadparak joan zen neguko Nanga Parbateko erronka handiari buruzko hitzaldia eskainiko dute

 
Bilbao, 2016ko abenduak 1. Gaur goizean aurkeztu da Bilbao Mendi Film Festivalaren bederatzigarren edizioa, Bizkaiko hiriburuan abenduaren 9tik 18ra egingo den mendia, abentura eta natura gaien inguruko zinema jaialdia. Ekitaldian izan dira Nora Sarasola (Bilbao Ekintzako Zuzendari Orokorra), Carlos Sergio (Bizkaiko Foru Aldundiko kirol aholkularia), Leire Aragon (BBK Fundazioko Gizarte Ekintza zuzendaria), eta antolakuntzaren izenean Eduardo Martinez (Presidentea) eta Jabier Baraiazarra (Zuzendaria). Filmak proiektatze hutsetik haratago, bederatzigarren ekitaldian, aurreko urteetan bezala, hainbat ekitaldi egingo direla azpimarratu dute antolatzaileek: “mendiko zinemagintzarik onenarekin gogobetetzeko 10 egun izango dira, kultura eta natura uztartuz”.
 
Abenduaren 9an inauguratuko da ofizialki 2016ko Mendifilm, Euskalduna Jauregian, 19:30etan hasiko den ekitaldian. The Great Alone filma proiektatuko da bertan, Greg Khos estatubatuarrak zuzendutakoa. Zine kutsu bete-beteko bederatzi egun izango dira estreinaren segida. Saio Ofizialean beste 42 filma eskainiko dira, saio ofizialetik kanpo beste bost, eta horiez gain Mendi Short laburmetraien lehiaketa amateurraren hirugarren edizioko irabazlea. Orotara 49 filma. Aste barruan eguneko bi saio egingo dira (17:00 eta 19:30) eta asteburuetan hiru saio (15:00, 17:15 eta 19:30).
 
2016ko Bilbao Mendi Filmeko epaimahaia 5 kidek osatuko dute: Jon Garaño zinegile donostiarra; Helios Gracia hegaldi libreko Coupe Icare jaialdiko zinemaldiaren zuzendari frantziarra; Pawel Wisoczanski zinegile poloniarra; Silvo Karo Esloveniako Gorniškega mendi zinemaldiko zuzendaria eta alpinista ezaguna; eta Hego Koreako mendi zinemaldiko programazio arduraduna den Billy Choi.
 
Abenduaren 10ean, larunbatean, Mendifilmeko unerik beroenetakoa eskainiko dute Alex Txikon eta Ali Sadparak Nanga Parbatera eginiko neguko lehen igoera hizpide dutela.
 
Haiekin batera beste hainbat protagonista ere arituko dira. Azpimarratu Sir Chris Bonington alpinista handiaren izena. Abenduaren 17an, larunbatean, The Walk On Project Fundazioa Saria jasoko du, antolakuntzaren omenaldia, alpinismoan bere egin dituen baloreengatik. WOP Mendifilmeko parte da hirugarren urtez, eta sari honen bidez adorea, norbere mugak gainditzeko grina, talde lana eta konpromisoa bezalako balioen erakusle izanagatik, alpinisten ibilbideak goraipatzea du xede (ikus atxikitako oharra).
 
Bilbao Mendi Film Festivala eta Baltistan Fundazioaren elkarlanetik, berriz, abenduaren 11ean egingo den hitzaldia sortu da: Bina Shah idazle pakistandarrak BBK Salan Pakistango eta herrialde musulmanetako emakumeen ahalduntzeaz hitz egingo du, eta segidan A Girl in the River: The Price of Forgiveness filma proiektatuko da, Sharmeen Obaid Chinoyk zuzendutako lana, aurtengo Oscar sarietan laburmetrai dokumental onena izendatu zutena.
 
Argazkilaritzari ere tarte zabala eskainiko dio Mendifilmek. CVCEPHOTO mendiko argazkilaritza lehiaketaren 2016ko edizioko lehen hiru sarituak, Krystle Wright australiarra, Yhabril bilbotarra, eta Paul Bride kanadiarra Bilbon izango dira euren obrak aurkeztuz eta hitzaldia eskainiz Jon Herranzekin zinegile getxoztarrarekin batera, iaz lehiaketa horretan saritua bera, eta aurtengo BMFF kartel ofizialeko argazkiaren egilea.
 
Eta Saio Ofizialetik at eskainiko diren filmeetan, azpimarratu Incognita Patagonia. Bi euskaldun, Eñaut Izagirre elgoibartarra eta Ibai Rico gasteiztarra, eta estatu batuar bat Evan Milles, Patagoniako Cloue izotz eremuan esplorazio eta zientzia ikerketarako espedizioa osatuz. National Geographic elkarteak Young Explorers beka eman zion 2014ko Bilbao Mendi Film Festivaletik bideratuta.
 
Mendi Film Festivalean bilduko diren protagonisten artean daude:

  • Alpinista, eskalatzaile, piraguista, esploratzaileak: Chris Bonington, Jean Troillet, David Lama, Geraldine Fasnacht, Alex Txikon eta Ali Sadpara, Pou Anaiak, Juanjo San Sebastian, Mikel Sarasola, Eñaut Izagirre, Ibai Rico...
  • Zinegile eta ekoizleak: Jennifer Jordan, Jonathan Griffith, Peter Van Eecke, Tal Skloot, Sebastien Devrient, Annia Winkler, Jordi Canyigueral, Bideografik, Zirriborro, Iker Elorrieta, Fredi Paia, Aitor Gisasola...  
  • Argazkilariak: Paul Bride, Krystle Wright, Yhabril, Jon Herranz, Santi Yañiz, Jose Maria Alvarez...

 
Abonuak agortu egin dira
Bilbao Mendi Film Festivalak publiko datu marka berria ezarri zuen zortzigarren edizioan 8.700 lagun bilduz. 31 saio eskaini ziren eta haietako 14tan “sarrerak agortuta” txartela erakutsi behar izan zuten, eta guztira %70eko okupazioa eman zen.
Bederatzigarren edizio honetarako, duela bi aste abonu sorta bat eskaini zen, bi asteburuak, aste barruko saioak eta azken eguneko Non Stop saioak aintzat hartzen zituztenak, eta jada guztiak agortu egin dira (saio bakoitzeko sarrera indibidualak daude orain eskuragai). Bilbao Mendi Film Festivalak urtetik urtera geroz eta ikusmin handiagoa sortzen duela erakusten du horrek. Sarrera eta abonuen inguruko informazio guztia segidako estekan aurkitu dezakezue: Sarrera eta abonuak
 
Metro Bilbao, Zabalgune eraikina eta Rekalde Aretoa erakusketa gune
Bestalde, gaur bertan Metro Bilbaoko argazki erakusketa lekuz aldatuko da, Moyua (Elkano-Ertzilla irteera), Alde Zaharra (Unamuno) eta Indautxuko (Urkijo) geltokietara pasatuz. Donostiako Club Vasco de Camping Elkartearen CVECEPHOTO nazioarteko lehiaketako alerik onenak biltzen dituen erakusketa da, eta eskala txikiagoan BBK Salan ere ikusgai jarriko da Mendifilm egunetan.
 Metro Bilbaoko erakusketaz gain, Zabalgune eraikina antolakuntzako Oinarriko Kanpaleku bihurtuko da eta abenduaren 5etik 18ra hainbat erakusketa eskainiko dira bertan.
Azkenik, azaroaren 29tik urtarrilaren 8ra Izotzezko Olatuak argazki erakusketa ikusgai egongo da Rekalde Aretoan. Jose Maria Alvarez argazkilari eta eskultore bilbotarraren lana da.

Bestelako jardueren egutegia
Abenduak 9: Euskalduna Jauregian inaugurazko ekitaldia, 19:30etan, The Great Alone filmarekin.
Abenduak 10: 11.00etan, Julio Villarren Viaje a pie liburuaren aurkezpena, eta eskalada eta abentura argazkilaritzaz hitzaldia. 19:30ean, Nanga Parbat neguko lehena hitzaldia.
Workshop: Elikadura eta mendia.
Abenduak 11: 11:00etan Bina Shah-ren hitzaldia eta A Girl in the River: The Price of Forgiveness proiekzioa.
Workshop: mendiko kirolei egokitutako bendajeak.
Abenduak 17: 11:00etan, Sail Ofizialetik at aurkeztuko diren filmak: Incognita Patagonia, Akabuko martxea,  eta Mendi Short irabazlea. 19.30ean, Sir Chris Bonington-i WOP Saria.
Abenduak 18: saritutako filmeen Non Stop proiekzioa
 
2016 egitaraua aretoetan:
Euskalduna Jauregia: abenduak 9
Sala BBK: abenduaren 10etik 18ra
Golem Alhondegia: abenduaren 12tik 16ra

Sponsors

Erakundeak / Instituciones / Institutions

Everest

K2
 

Aconcagua
           

Ama Dablam

Cervino

Media Partners
 

© 2019 Bilbao Mendi Film Festival. Web by McArra. About Cookies