Orri honek cookiak erabiltzen ditu zure hizkuntza konfigurazioa gordetzeko besteak beste. 

'Becoming who I was' Bilbao Mendi Film Festivalen 11. edizioko Sari Nagusia

Becoming who I was filma korearrak, Moon Chang-Yong eta Jin Jeon zuzendarien lanak, irabazi du 11. edizioko Sari Nagusia. Igandean, hilak 16, jakinaraziko da sarietan azkena, Ikusleen Saria, egunean zehar egingo diren lau Non Stop saioetan. Datuak bildu barik oraindik, joan direneko hamar egunek Mendi jendearengan errotuta dagoela erakusten dute, giro aparta sortu da Bilbon.

Sariak Epaimahaiko kideen ikuspuntutik

SARI NAGUSIA

BECOMING WHO I WAS

Nor gara, nondik gatoz? Nora goaz, zein da gure destinoa? Horiek dira gure izatearen ardatza osatzen duten galderak.

Kontzeptu horiek Padmari jarraipena eginez erakusten ditu filma honek. Indiako Ladakh eremu urruneko gazte bat da Padma. 5 urte zituela rinpoche bat zela jakin zuen, berriro jaiotako Tibeteko monje bat. Hala dela baieztatzeko, haren dizipuluek bere bila joan behar dute eta etxera eraman, baina Tibeteko muga itxita dago. Eta bila etorri behar dutenak ez dira iristen.

Era zoragarrian filmatutako lan hau road movie bat bihurtzen da Padma eta bere aitabitxia, batere zentimorik gabe, Tibeteko monasterioaren bila abiatzen direnean, bere iragana erakusten duen monasterioa, bere etorkizuna izango denaren itxaropenez.

 

ZUZENDARI ONENA

Arünas Matelis - WONDERFUL LOSERS

Helburuetara bideratutako kirolen munduan, irabazleengan soilik jartzen dugu arreta. Lerro-buruetatik urrun, gregarioak dira sakrifizioaren esanahia ongien islatzen dutenak, txirrindularitzako langileak. Lasterketaz lasterketa, eta urtez urte, liderra babestuko dute irabaz dezan. Beraiek, ordea, sekula ez dute helmuga marra lehen postuan gaindituko. Arünas Matelis zuzendari lituaniarrak mundu azeleratu horretara sartzeko aukera ematen digu, inoiz ez baita erakutsi halako sakontasun eta zintzotasunez. Presioak, beldurrak, erresistentzia eta mina sentitzen ditugu, eta heroi berri hauek animatzen ditugu, erorikoak izan, altxatu eta berriz ere bizikleta gainean jartzeko adorea izaten dutelako.

 

GIDOI ONENA

RUNNERS

Hiru korrikalariren bizimodua familia, lana eta maitasuna aintzat hartuta. Guztia uztartuz olerki handi bat sortzen da. Dokumental honek istorioak kontatzeko modu berri bat erakutsi digu, inspirazioa eragiten duena.

 

ARGAZKILARITZA ONENA eta PUBLIKOAREN SARIA

FREE SOLO

Alex Honnoldek berebiziko ardura ariketa bat egiten du El Capitan-eko hormaren zailtasunez jositako mila metro tenteak babesik gabe eskalatzerakoan.

Horma osoan sakabanatuta lanerako prest dauden kamerari lagunek ere badakite hori. Filmak era argian kontatzen du muturreko proiektu hau. Sortzen den momentutik bertatik erakustoki desberdinak agertzen dizkigu; hainbat pertsonaia, bakoitza bere emozioekin eta interesekin. Filmaren une beroenean azaleratzen dira gatazkak eta tentsio uneak, muturreko eskalada jarduera horrek irauten duen hiru ordu pasetxoetan. Protagonista, Alex Honnold, mundutik at dago, aurrez sekula inork saiatu gabeko erronkari aurre eginez, eta kamerari taldeak onartua dauka Alexek akats txiki bat egiten badu, tragedia bat grabatuko dutela.

 

EPAIMAHAIAREN SARIA

THE DAWN WALL

Eskalada film gutxi dira pantaila handia bera gainditzen dutenak. Baina film batek, abentura kontakizunetik haratago doanean, eta hau bezalako istorio zoragarri bat erakusten duenean, giza drama bat aurkezten du, guztiz landuta dauden pertsonaiekin, ikuslea haiekin anaitzeraino. Josh Lowell eta Peter Mortimer zuzendariek ikusleei erraietatik sortzen den esperientzia biziarazten die, Tommy Caldwell eta Kevin Jorgeson Dawn Wall, munduko haitz horma bertikalenetako bat, era askean eskalatzen saiatzen direnekoa. Sender Filmsen eskarmentua dario filmari, eta haien eskutik Tommy eta Kevinekin bat egingo dugu itxuraz ezinezkoa den eskalada horretan, zutik jarri eta haiek hauspotzera eramango gaituzte, abentura epiko horren parte garela sentiaraziz.

 

MENDIKO FILM ONENA

EVEREST GREEN

Mezu argia igortzen digun filma: mendiak laguntza behar du. Berotze globaletik hasi eta zaborraren ugaltzeraino. Eta ez dira Nepalgo edo Everesteko arazoak soilik, guztioi dagozkigun arazoak dira.

 

ESKALADAKO FILM ONENA

LEZENÍ NA PISKU – SAND CLIMBING – THE SEVENTIES

16 mm-an egindako zinematografia erreposizioen eta artxiboko argazkien muntaketa da lan hau. Ikusleak 60. eta 70. hamarkadetara egingo du atzera, garaiko Txekiar Errepublikan, hareazko dorreetan egiten zen kirol eskaladaren hastapenetara, urte heroiko haietara. Zuri-beltzeko irudien bilduma zoragarria da filma hau. Garai zail batean eta baliabide eskasekin egin zen eskaladaren garapena ezagutuko du ikusleak, pasioaren bidez egunerokotasunean sortzen ziren kontrakotasunak gainditzen zireneko garaia.

 

KULTURA ETA NATURA FILM ONENA
BAYANDALAI—LORD OF THE TAIGA

Hizkuntzak eta kulturak nahi baino azkarrago desagertzen diren aro honetan, munduari bere zama gainean eroriko zaiola ematen du, eta adimendun telefonoak eta Big Mac-ak ardatz dituen gizartea homogeneizatzen ari dela. Horren aurrean bada pertsonen eta komunitateen aniztasuna lehenesten dituenik, eta hori ospatzekoa da. Errespetutik sortzen den filtro intimo baten bidez, Pablo Vidalek eta Aner Etxebarriak hori lortu dute film bikain honetan. Mongoliako Taigako mendietara, Dukha mundura, garraiatuko gaituzte, hunkidura bete-betekoan.

 

KIROL ETA ABENTURA FILM ONENA

THE WEIGHT OF WATER

Gutako gehienok ia oharkabean hartzen ditugu jaso ditugun oinarrizko opari gizatiarrak. Ukimena, usaimena, entzumena. Eta ikusmena. Eta haietako bat falta bazenu?

Erik Weihenmayer-ek nerabea zela galdu zuen ikusmena, eta harrez gero muga horren aurrean ez da kokildu. Grand Canyon-en barrena Erik-ek egin nahi duen kayak jaitsiera bizituko dugu. Ikusmena dutenentzat jada bada nahikoa erronka, ikusmenik ez duenarentzat amesgaizto misteriotsu bat. Esfortzu gabeko narrazio estilo soil batekin, eta abilidade sotilez, Eriken pentsamenduekin bat egitera eramango gaitu ibaian behera egiten duen heinean, haren beldurrak elkarbanatuz.

 

FILM LABUR ONENA

VIACRUXIS

Animazioaren bidez, edozein belaunalditako edozein alpinistaren benetako dimentsio gizatiarra erakusten zaigu. Umorez beteriko igoera bat da, baina aldi berean pentsarazi egiten du.

 

EUSKARAZKO FILM ONENA

PASTOREAK

Den-dena naturala da film honetan: Puy eta Jonek sortu duten harremana, biak jatorri bertsutik datozelarik. Natura dute bizimodu, abiapuntu horretatik bertatik da naturala filma. Eta hor, naturan, Gorbeia magalean duten baserrian, burutzen dituzte eguneroko beharrak: ardien zaintza, gaztagintza, seme-alabak hezi, eta hala nahi badute, eurak bere egin zuten hautua egiteko aukera eman. Eurek aukeratu zuten nondik datozen aintzat hartzea eta horri bizkarrik ez ematea, eta denek, gizonezkoek nahiz emakumezkoek –nola Puy edo Jon, Izaro edo Beñat-, eskubide berdinak dituztela onartzea. Eta xarmagarria den naturaltasunez egiten dute hori guztia.

 

Sponsors

Erakundeak / Instituciones / Institutions

Gailurra
  
 

Aconcagua
                     

Ama Dablam

Cervino
   
 

Laguntzailea / Colaborador
  

 Auto ofiziala / Vehículo oficial 

Media Partners
 

© 2021 Mendi Film. Cookies - Legal - Privacy