Aitor Elduaien
Prentsa Saila eta aurkezle ofiziala
Baliabide ugariko aurkezle, esatari eta kontalaria da Aitor; irratian hogei urtetik gora eginda zaildutako kazetaria, esperientzia ikaragarria duena. Bere ibilbidean alor guztietako komunikazio premiez jabetu eta ikasita, hartan dihardu gaur egun, eta aurkezpen lanez batera langintza hori du Mendifilmen. Azkarra eta dinamikoa da, eta mila alde eta erregistro eskaintzeko gaitasuna dauka. Beti dago naturaz gozatzeko eta kirolarekin disfrutatzeko prest. Biak batuta, ederra plana! Eta Mendi Film Festival gehituz gero, perfektua! Mendi-ko aurkezle lanetan aritu da lehen ediziotik, 2008tik.
Gorka Baraiazarra
Zuzendaritza laguntzailea
Ingeniari mekanikoa, txikitatik teknologiarekiko interes handia izan du. Zinemaldian hainbat esparrutan aritu izan da: teknikari, webmaster, produkzio laguntzaile, itzultzaile, nazioarteko harremanetako arduradun… Eltze askotako burruntzalia da, beti baitago bere ekarpena egiteko eta laguntzeko prest. Ez du amore ematen irtenbidea aurkitu arte. Horrez gain, denbora ateratzen du bizikletan ibiltzeko edo frontoian jokatzeko; baina batez ere bere musika taldearekin baxua jo eta abesteko.
Arrate Landaluze
Itzulpengintza Saileko arduraduna
Itzulpengintza eta Interpretazioan lizentziatua eta Ikus-entzunezko Itzulpengintzako Master batekin, Londresen atzerriratutako gazte hau bere lekutxoa aurkitu nahian dabil ikus-entzunezko itzulpengintzan. 2013an hasi zen Mendi Film Festival-arekin kolaboratzen, non azpititulu eta interpretazio lanetan aritu zen; gaur egun, Itzulpengintza Saileko arduraduna da. Bere burua langile, sortzaile, ironiko eta prokrastinazioaren enbaxadore gisa deskribatzen du. Bere zaletasunen artean zinema, literatura, arte inpresionista eta Athletic ditu; baina edozein plan itzela izango da lagunak badatoz.