Orri honek cookiak erabiltzen ditu zure hizkuntza konfigurazioa gordetzeko besteak beste. 

Peter Habeler izango da WOP 2017 saritua Bilbao Mendi Film Festivalean

BMFF_Peter Habeler

Peter Habeler-ek jasoko du The Walk On Project Fundazioaren (WOP) aurtengo Saria mendizaletasunaren balioen defentsa nabarmenduz. Bilbao Mendi Film Festivalaren 10. edizioko omendu nagusia izango da alpinista austriarra, eta haren ibilibide bikainaren aitortza eskainiko zaio abenduaren 16an, larunbatez, Sala BBK-n 19:30etan hasiko den saioan: Peter Habelerren Gaua.

Sail Ofizialean parte hartuko duen Peter Habeler filmarekin hasiko da saioa, Timeline Productions ekoiztetxearen lana.

Ondoren, Habeler eszenariora igoko da eta haren ibilbidea eta bizipenei buruzko solasaldia egingo dute berak eta Juanjo San Sebastianek.

Eta 2017ko WOP Saria emango zaio azkenik, gaueko momentu gogoangarriena ziurrenik.

Peter Habeler: alpinismo modernoaren ikur

Alpinismo modernoaren aitzindarietako bat da Habeler. Reinhold Messner eta biak Everest (8.848m) oxigeno artifizialik gabe igotzen lehenak izan ziren, 1978an. Ordura arte ezinezkotzat jotzen zen hori, giza gorputzak garaiera horretan dagoen oxigeno eskasia ezin zuela jasan uste zen, eta areago, gailurrera hala iritsita ere, burmuinean kalteak jasan gabe jaistea ez zen posible ikusten. Bada, Habeler eta Messnerrek apurtu zuten uste haiekin guztiekin. Aparteko alpinistak ziren, 1969an hasi ziren elkarrekin eskalatzen, eta 1975ean lortu zuten mugarria izan zen beste balentria bat, zortzimilako bat estilo alpinoan igotzen lehenak izan zirenean, Gasherbrum I-a (8.068m).

Beste hainbat lorpenen artean, Habelerren ibilbidean nabarmendu beharrekoak dira Kangchenjunga, Nanga Parbat eta Cho Oyu zortzimilakoak; Andeetako Yerupajá mendian (6.634m) bide berriak zabaldu zituen; edota Yosemiteko horma handietan eskalatu zuen lehen europarretako bat izan zen (Doug Scott-ekin batera Salathé Wall bidea El Capitan-en, 1970ean).

Peter Habeler filmak inoiz izan den eskalatzailerik handienetako bat bezala aurkezten du pertsonaia hau. 75 urte betetzera doala eta, modu berezian ospatu nahi du: Eiger mendiaren ipar aurpegia eskalatu nahi du, beste behin. Oraingo honetan, “oinordeko” bat izango du bidelagun, David Lama, munduko alpinistarik onenetako bat, Habelerrekin eskalatzen ikasitakoa. 

Mendizaletasunaren giza balioen defentsa eta transmisioa saritzen ditu The Walk On Project Sariak: hobetzeko gaitasuna, esfortzua eta talde-lana, eta fideltasuna eta baikortasuna aldaketak lortzeko motor gisa. Peter Habeler-ek bere ibilbidearekin sari hau jasotzeko ezaugarri horiek guztiak dituela ebatzi du WOP Fundazioak.

WOP-ek lan eta lan dihardu atsedenik hartu gabe, urratsez urrats, gaixotasun neurodegeneratiboen aurka egiten duen ahalegina agertarazten. “Gailur zail batetarako bidearen pare da gaixotasun hauentzako sendabidea aurkitzea, baina mendizaletasunean bezala, daukagun ahalmen guztia indarrean jarriko dugu lortu ahal izateko. Mendiarekin lotura handia dute gidatzen gaituzten balioek: hobetzeko gaitasuna, talde lana, langak apurtzea, bide berriak sortzea”, dio WOP-eko sortzaile den Mikel Renteriak.

Kirolari lotutako giza balio horietan oinarritzen da The Walk On Project Fundazioaren Saria. Eredu gisan, WOPEAK proiektuarekin mendiari estuki lotuta dago WOP, Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalzarekin elkarlanean. Proiektua itxi duen azken espedizioan, Gasherbrum I eta II-a lotzeko kirol erronka bete gabe, baina hura baino asko balio handiagoko erronka bat beteta itzuli ziren hiru alpinista hauek: espedizioa amaituta etxera bueltan abiatzekotan zeudela Gasherburm II-ko 3. kanpalekuan alpinista bat ezinean eta herio bidean zela jakin eta erreskatatzera jo zuten, berau onik jaistea lortuz.

WOP Fundazioaren Sariak Bilbao Mendi Film Festivalean dituen aurrekariak

2016: Sir Chris Bonington. MendiTV bideoa.

2015: Josep Manuel Anglada. MendiTV bideoa.

2014: Drawn filma, Jeremy Collins-ena. MendiTV bideoa.

Zer da WOP?

The Walk On Project-ek (WOP) hainbat ekintza artistiko, sozial, eta kirol nahiz kultur mailakoak sustatzen ditu bere helburu nagusietara heltzeko: ikerketa proiektuak finantzatu gaixotasun neurodegeneratiboentzat terapiak bilatu ahal izateko, gaixotasun neurodegeneratiboen errealitatearen berri eman, eta ikerketaren eta zientziaren aldeko kontzientzia soziala indartu.

http://www.walkonproject.org

Sponsors

Erakundeak / Instituciones / Institutions

Everest

K2
 

Aconcagua
           

Ama Dablam

Cervino

Media Partners
 

© 2019 Bilbao Mendi Film Festival. Web by McArra. About Cookies