Orri honek cookiak erabiltzen ditu zure hizkuntza konfigurazioa gordetzeko besteak beste. 

Mendi Tour 12. denboraldiko lehen hitzorduak: Ataun, Donostia, Zangoza eta Canet d’en Berenguer

Mendiko zinemagintza onenaren eskaintza ibiltaria, 2022ko Mendi Tour zirkuitua, Gipuzkoan, Nafarroan eta Valentzian abiatuko da. Abenduan egin zen BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldian saritutako eta gehien nabarmendutako pelikulekin osatutako programazioek, abentura eta akzio dosi handiak zabalduko dituzte han eta hemen.

Zine eta kultur aretoetako pantaila handietan, inspirazio bete-betekoa. Urtarrileko emanaldiak gainean dira, eta hortik aurrerako datak finkatzen ari dira.

 

URTARRILA

21 ATAUN (lehen edizioa)

24-25 DONOSTIA (11. edizioa)

28 (eta otsailak 4) ZANGOZA (8. edizioa)

29 CANET D’EN BERENGUER (8. edizioa)

 

OTSAILA

4 ZANGOZA (8. edizioa)

8-9-10 VIGO (3. edizioa)

9-10 LEIOA (11. edizioa)

21-22-23-24 IRUÑA (7. edizioa)

 

MARTXOA

7-8-9 TOLOSA (12. edizioa)

11-13 ESKORIATZA (7. edizioa)

14-16-17-18 GASTEIZ (10. edizioa)

15-22 EIBAR (8.edizioa)

17-24 ZALDIBAR (6.edizioa)

21-22 VALLADOLID (3.edizioa)

29-30 BURGOS (4.edizioa)

31 (eta apirilak 1) IGORRE (9.edizioa)

 

APIRILA

1 IGORRE (9.edizioa)

8-9 HONDARRIBIA (7.edizioa)

 

MAIATZA

10 ARRASATE (10.edizioa)

 

Kultur aretoetako edukierak mugatuta daudela ekingo zaio 2022ko Mendi Tourrari, iaz bezala, baina hori ez da muga izango genero honetako pelikula onenak eta berrienak, publikoarengana helarazteko. Are gehiago, iaz ez bezala, aurten urte hasieratik zabalduko da Mendi Tourra Espainia osora.

Iaz 38 hiri edo herritara iritsi zen Mendi Tourra, 8.500 ikusle erakarriz.

 

‘Mendiak-1976’ pelikula arrakastatsua

BBK Mendi Film Bilbao Bizkaian 2 sari jaso zituen ‘Mendiak-1976’ filmak sekulako ikusmina sortu du. Urtarrilean Ataunen, Donostian eta Zangozan programatu da. 1976an Hindu Kusheko Shakhaur zazpimilakoan espedizio nafar bat eta poloniar bat betirako anaitu zituen istorio zirraragarria dakar gogora Luis Arrieta iruindarrak zuzendutako pelikulak: lehen euskal zazpimilakoa, istripuak, mugarik gabeko elkartasuna, erreskate miresgarri bat, zentsuratutako gutunak, berreskuratutako kontaktua, eta duela hilabete pasetxo, Bilbon, berriro topatzea 45 urte eta gero.

Pelikula Bilbon estreinatu zen eta bi sari irabazi zituen: Mendiko Film Onena eta Ikuslegoaren Saria. Iruñeako Golem zinemetan hilabete darama karteldegian, arrakasta handiz.

Ataunek zabalduko du egutegia, urtarrilaren 21ean, ostiral gauean (21:30). Mendi Tourra lehendabiziko aldiz iritsiko da Gipuzkoako Goierriko herri honetara, Aralarko Parke Naturalaren altzoan. Saioa Herriko Antzokian egingo da, Elbarrena auzoan, eta Ataungo Udalak babestu du. Sarrera ez da kobratuko, eta 21:00etan zabalduko da, aforoa bete arte.

Handik Donostiako Antzoki Zaharrera, Club Vasco de Camping Elkartea eta Donostia Kulturaren eskutik, hilaren 24 eta 25ean, astelehena eta asteartea (19:00). Hitzordu klasiko bat jada, 11.edizioa baitu Mendi Tourrak bertan. Bi egunetako eskaintza, lehenean ‘Mendiak-1976’ programatuz, eta bigarrenean bost film laburrekin kartelera bizia eta gaitegiz oparoa eskainiz. Sarrerak Antzoki Zaharreko leihatilan daude  salgai.

Lekukoa Zangozak hartuko du, urtarrilaren 28an eta otsailaren 4ean, ostiraletan, Karmengo Entzutegian (20:00). Mendi Jardunaldiak antolatu ditu beste behin Zangozako Udalaren Kirol Patronatuak, eta haien baitan Donostiako hautu bera egin da programazioa osatzerakoan: ‘Mendiak-1976’ lehen saioan, eta film laburren dibertimendua bigarrenean. Sarrerak Karmengo Entzutegiko on-line plataforma bidez eskuratu daitezke.

Eta azkenik, Canet d’en Berenguer, Valentzian, hilaren 29an, larunbata (18:00). Aurten 10 urte bete dituen Rotipet Clubaren ospakizun betean, Mendi Tourrak 8.edizioa du han. Iaz udako gau eder batez, aire zabalean, hondartzan, eskaini ziren pelikulak, baina aurten berriro datak negura ekarri eta udal auditoriora itzuliko da. BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia 2021eko hiru pelikula saritu eskainiko dira: ‘Melting Landscapes’, ‘Amagana’ eta ‘The Traverse’. Eta saioaren bigarren zatian Sean Villanueva eta Nico Favresse eskalatzaile belgiar ospetsuek hitzaldi-emanaldi bana eskainiko dute. Saio eta ospakizun biribila izango da. Sarrerak notikumi.com bidez eskuratu daitezke.

PROGRAMAZIOAK

ATAUN: Urtarrilak 21 (21:30)

MENDIAK-1976

Mendiko Film Onena

Ikuslegoaren Saria

Abentura bat, bidaia bat, oroimenean ahaztutako arrakasta bat. 1976an, Iruñeko gazte talde batek historia egin zuen Shakhaur (7.116 m) gailurrera iritsi zenean, Afganistanen. Lehenengo euskal zazpimilakoa izan zen. Baina gailurreko lorpenaren alaitasuna tristura bihurtu zen berehala, jaitsieran istripu bat gertatu baitzen: espediziokideetako bat hil egin zen eta beste bat larriki zauritu. Poloniako espedizio baten laguntzari esker, bigarrena bizirik salbatzea lortu zuten, eta gaurdaino iraun duen nafarren eta poloniarren arteko adiskidetasuna piztu zen.

  

DONOSTIA: Urtarrilak 24 (19:00)

ZANGOZA: Urtarrilak 28 (20:00)

MENDIAK-1976

Mendiko Film Onena

Ikuslegoaren Saria

 

DONOSTIA: Urtarrilak 25 (19:00)

ZANGOZA: Otsailak 4 (20:00)

MELTING LANDSCAPES GLACIARES

Film Labur Onena

Lurreko glaziarrak etengabe ari dira urtzen, eta horrek eragina du klima-aldaketan. Hala ondorioztatzen da Antartidan, Argentinan, Txilen, Groenlandian eta Islandian eginiko azterketetatik. Itzulerarik gabeko aldaketa baten lekuko izaten ari gara, glaziarretan desagertzen den izotz partikula bakoitzak, ezezaguna den aldaketa batera garamatza poliki-poliki.

TXANGO

Mendi Film Bizkaia Ternua Beka 2021

Lagunak diren bi neska gaztek beste bi adiskide gidatuko dituzte haien mendiko lehen txangoan, eta horrekin euren arteko adiskidetasuna indartuko da.

AMAGANA

Euskarazko Film Onena

Itziar Zabala Dimako eskalatzaile profesionalaren jaioterria eta kirol ibilbidea Bizkaiko paisaietan erroturik dago, beti ere, Baltzola babesgune izanda. Haren altzoan, Baltzolako erraietan, hasi eta segida duen istorioa da Itziar Zabalarena, pasioaren bihotz-minak gidari dituela, batzuetan gozo, besteetan garratz, baina beti aberats. Bihotz Gorosperen ahots eta kanten doinura egiten du amets eta kulunka, Itziarren arimak.

JÖTUNN

Mendi Film Sail Ofiziala

Islandia, suaren eta izotzaren lurraldea, munduan ur-jauzi gehien dituen lekuetako bat da; muturreko kayaka egiteko erreferentziazko lekuetako bat beraz. Hala ere, ez da kayak-zale asko biltzen han, zailtasun handiko ibaiak baitira, bertaratzeko zailak, eta Islandiako klima gogorra da, beraz oraindik esploratzeke dauden eremu asko daude. Mikel Sarasola, Aniol Serrasolses eta Aleix Salvat inork sekula jaitsi gabeko ur-jauzien bila menturatuko dira.

THE TRAVERSE

Epaimahaiaren Saria

Valentine Fabre eta Hillary Gerardi, goi-mailako bi atleta, Chamonix eta Zermatt lotzen dituen Haute Route ibilbidea geldialdirik gabe eskiatzen duten lehen emakumeak izateko erronkan murgilduko dira. Valentineren senarra zena, gizonezkoen errekorra egin eta handik gutxira zendu zen mendi istripu batean, eta haren oroitzari azken omenaldia eskaini nahi lioke Valentinek erronka honen bidez. Hillary, bidaia gogor eta emozional horretarako kide egokia da, nahiz eta mendiko eskian esperientzia gutxi duen, mendiko korrikalari profesionala izanik atleta zaildua da erronkari aurre egiteko.

 

CANET D’EN BERENGUER: urtarrilak 29 (18:00)

MELTING LANDSCAPES GLACIARES

Film Labur Onena

AMAGANA

Euskarazko Film Onena

THE TRAVERSE

Epaimahaiaren Saria

 

+ NICO FAVRESSE ‘Alpine trilogy / Doggy style’

+ SEAN VILLANUEVA ‘The Moonwalk Traverse’

*Jatorrizko bertsioetan eskainiko dira pelikulak, azpitituluekin lagunduta

Sponsors

Erakundeak / Instituciones / Institutions

Gailurra

Everest
 

K2
 

Aconcagua
                     

Ama Dablam

Cervino
     
 

Laguntzailea / Colaborador
  

 Auto ofiziala / Vehículo oficial 

Media Partners
 

© 2021 Mendi Film. Cookies - Legal - Privacy